Lokarri
Onda Vascan eginiko elkarrizketa batean, Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak esan du "konfrontazio politiko handiko garaia" datorrela, eta "zailtasun handiak" izango direla elkarrizketarako eta kontsentsurako "guneak" sortzeko. Horregatik, Riosek esan du "konplizitateen, elkarrizketaren eta kontsentsuaren ehule" izan beharko duela Urkulluk. Gainera, Riosek ohartarazi dio baketzean eta normalizazioan lidergoak "partekatua" izan behar duela.
EAJ
Iñigo Urkulluren izendapenarekin "oso pozik" azaldu da Joseba Egibar: "Herri honek dituen desafioei aurre egin behar zaie, ez dago denbora galtzerik". Haren hitzetan, "beharrezkoa" izango da elkarrizketaren bidez akordioak lortzea. Bake eta bizikidetza eszenatokia eta beste egitura politiko bat sortzeko lanetan hasiko direla esan du, eta zera gehitu du: "Bakarrik, ezin dugu". Krisi ekonomikoaz, "honetatik ere irtengo gara", esan du: "Politikan batzen dena biderkatu egiten da gizartean".
EH Bildu
"Inflexio puntu batean gaude", esan du Laura Mintegik, eta puntu horretan izanik "ausardia" eskatu dio Urkulluri egoera politiko eta ekonomikoari heltzeko. Halaber, astelehenetik aurrera atzo baino zehaztapen gehiagoz aritzea galdegin dio Mintegik Urkulluri. Mintegik esan du Urkulluk akordioak beharko dituela, "oso egoera ahuletik abiatzen delako". Gaineratu du EH Bildu prest dagoela akordioetarako, "betiere edukien gainean".
Urtarrilaren 12an Bilbon euskal presoen eskubideen alde egingo duten manifestazioaren aldeko eranskailu bat zeramala egin du agerraldia Mintegik. EH Bilduko hautetsi gehiagok ere bazeramaten, Maribi Ugarteburuk kasu.
PP
Antonio Basagoiti PPko EAEko buruzagiak "zorte ona" opa dio Iñigo Urkulluri, "egoera ez baita erraza". Urkulluk ez zuen baztertu legealdiak aurrera egin ahala Jaurlaritzan koalizio bat osatzea, baina Basagoitik zehaztu du PP ez dela exekutiboan sartuko. "Gu ez gaude EAJrekin gobernua egiteko, proiektu ezberdinak ditugu".
Hitz egiteko eta "elkar ulertzeko prest" azaldu da, baina ez gobernuan egoteko: "Horretarako dago PSE". Oposizio "eraikitzailea" egingo duela adierazi du PPko buruzagiak.
UPD
Gorka Maneirok Urkulluri eskatu dio "plan subiranistak ahazteko", elkarbizitza apurtu eta "hondamendi ekonomikoa" eragin dezakeelakoan. Aldiz, ETA "behin betiko garaitzeko" neurriak har ditzala galdegin dio. Norabide horretan, EAJk UPDren laguntza izango duela esan du Maneirok.