ETAk bere jardun armatuaren amaiera iragarri zuenetik sei hilabete pasatu direnean, Lokarrik uste du konponbide prozesuak ez duela behar beste aurrera egin. Hori hala, hainbat ekinbide sustatuko ditu «elkarrizketaren beharra» aldarrikatzeko eta, bereziki, Aieteko Adierazpenaren balioa gizarteratzeko. Akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareak nabarmendu duenez, orduan zehaztutako «bide orriak» beste «bultzada» bat behar du. «Bake prozesua errotzeko bultzada soziala eta politikoa behar dugu», adierazi du Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak.
Riosek «itxaropenez eta kezkaz» ikusten du prozesuaren egungo egoera. Kezkatuta, Espainiako Gobernuak ez duelako gatazkaren konponbidean laguntzen eta alderdi politikoen aldetik ez duelako nabari bultzada argi bat eragile guztien artean elkarrizketa prozesu bat garatzeko.
Testuinguru horretan, Riosek uste du oso garrantzitsua dela herritarrek akuilu lana egitea, besteak beste «ezberdinen arteko elkarlanerako espazioak» sortuz. «Itxaropenez begiratu behar diogu etorkizunari, horrelako aukerak behin bakarrik izaten direlako», nabarmendu du Lokarriko kideak.
Ez da lehenengo aldia bake prozesuaren egoera dela-eta Lokarrik kezka agertzen duena. Martxoan kaleratutako inkesta batean oinarrituta, ohartarazi zuen prozesua blokeatuta dagoen ustea zabaltzen ari dela euskal herritarren artean. Hori gainditzeko asmoz, Lokarrik iragarri zuen hainbat ekimen abiatuko zuela.
Joan den astean, adibidez, Aieteko Adierazpenari sostengua emateko sinadura bilketa bat abiatu zuten sareko kideek www.aiete.org webgunearen bidez, eta, jakinarazi dutenez, astebetean 3.000 atxikimendu bildu dituzte.
Aieteko ateak zabalik
Bide horretan, Donostiako Bakearen Etxeko ateak ireki zituzten atzo. Iazko urriaren 17an han egin zen nazioarteko konferentziaren nondik norakoak azaltzen dituen liburu bat aurkeztu zuten, eta, ondoren, mahai inguru bat egin zuten hiru kazetarirekin. Riosek azaldu duenez, liburuaren aurkezpena baliatuko dute gisa horretako mahai inguru gehiago antolatzeko. «Herritarrei eskaini behar dizkiegu hitz egiteko eta eztabaidatzeko guneak».
Riosek azaldu duenez, Lokarrik argitaratutako liburuan azaltzen dira ETAren jardun armatuaren amaiera agiria ekarri zuen konferentziaren aurrekariak, garapena eta emaitzak. 2010eko martxoaren 29ko Bruselako Adierazpenetik hasi eta 2011ko urriaren 17ko nazioarteko konferentziara bitarte eginiko adierazpenak biltzen dira; besteak beste, konferentzian parte hartu zuten nazioarteko pertsona ospetsuenak. Era berean, konferentziari buruzko xehetasun batzuk jasotzen dira liburuan; finantzaketari dagozkionak edota komunikabideetan izan zuen oihartzunari buruzkoak.
Horrekin batera, konferentziaren emaitzak eta ekitaldi hark gerora izan duen «esanahia» aztertzen dira. «Aieteko konferentziak erakusten du nazioartearen eta ordezkari politikoen arteko elkarlanak gauzak aldatzeko duen ahalmena», laburbildu du Riosek. «Mugarri bat izan zen euskal gizartearentzat».
Liburua bi bertsiotan argitaratu da: euskara-gaztelania eta frantsesa-ingelesa. Bigarren bertsioa nazioarteko konferentziaren edukiak nazioartean hedatzera begira argitaratu da. Horren harira, Lokarrik 500 ale bidaliko dizkie nazioarteko gobernu eta erakundeei, eta baita bakearen arloan, giza eskubideen alde edota gatazken konponbidean lanean diharduten erakundeei ere.
Lokarrik dio herritarrek akuilu lana egin behar dutela prozesua errotzeko
Liburu bat aurkeztu du eta mahai inguruak egingo ditu, Aieteko Adierazpenaren balioa gizarteratzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu