Bake prozesurako eta adiskidetzerako «une erabakigarria» dela eta indarrak batzeko momentua dela uste dute Lokarrik eta Baketik-ek. Elkarlanean aritzea erabaki dute horregatik: helburu beraren inguruan talde bakoitzak egiten duen lana partekatu, trukatu, eta elkarren osagarri izan dadin lankidetza jarraituan aritzea. Atzo sinatu zuten akordioa, Bilbon, bi taldeetako buruzagi nagusiek: Paul Rios Lokarriren koordinatzaile nagusiak eta Jonan Fernandez Baketik-eko zuzendariak.
Bai Lokarrik eta bai Baketik-ek bosna urte daramatzate lanean bakea eta bizikidetza sustatzea helburu hartuta. Gizarte mugimendua da Lokarri, eta ikerketa zentroa Baketik, baina, Fernandezek azaldu duenez, helburu nagusietan bat egiten dute biek. Baketik-en ustez, bake prozesua bideratzeko lanean «lidergo soziala» da Lokarri. Lokarrik, berriz, «erreferentzia teoriko eta politiko sakona, humanizatzailea, erabilgarria eta bideragarria» aurkitu ditu Baketik-en jardunean.
Lankidetzan arituko dira, beraz, hemendik aurrera, «bizikidetzaren adiskidetzea bultzatzea» helburu nagusitzat hartuta. «Ahaleginak eta lanak koordinatzea» izango dute bigarren helburu. Hirugarrena, «humanizazioa eta bizikidetzaren adiskidetzea, betiko bakea sendotzeko gehigarri gisa». Urtebeterako hitzarmena sinatu dute bi aldeetako buruek, nahi adina aldiz luzatzeko aukera jasota. Eta elkarlanak luze jotzea da asmoa; hemendik aurrerako lan eredua izatea.
Lankidetzarako ardatzak
Lokarrik eta Baketik-ek egoki ikusten duten eremu guztietan garatuko dute lankidetza. Hala ere, lau ardatzen inguruan egingo dute indar. Mezuak zabaltzeko arituko dira elkarlanean, argitalpenak plazaratuta eta hitzaldiak zein ikastaroak antolatuta. Herri mailako jarduera ere sustatuko dute, eta udal mailan bultzatuko dituzte, batez ere, bizikidetzaren adiskidetze politikak. Era berean, aholkularitza instituzionala egiteko ere arituko dira elkarlanean, eta erakundeetara elkarrekin jotzeko aukera mahai gainean jarri dute. Nazioarteko esperientzien trukaketan ere indar berezia jarriko dute.
Lehen eginbeharra zein izango duten ere azaldu dute Riosek eta Fernandezek: adiskidetzearen esanahia argitzea izango dute lehen zeregina. Izan ere, interpretazio asko egiten dira adiskidetzeari buruz; modu askotan ulertzen den kontzeptua da, eta, Fernandezen esanetan, era okerrean gehienetan. Azaldu duenez, erlijio kutsua ematen diote batzuek; aurkari diren bi multzoei buruz aritzen dira beste batzuk, eta beste askok uste dute biktimen eta horiek eragin dituztenen artean konpondu beharreko kontua dela. Baina adiskidetzea «kontzeptu politiko eta zibila» dela ohartarazi du. «Gatazka badagoela onartzen eta arauak jartzen» landu behar dela, eta «urte askoan egin diren zauri sozialak konpontzea» dela muina.
Lokarrik eta Baketik-ek lankidetzarako akordioa egin dute
«Bizikidetzaren adiskidetzea bultzatzea» izango da bien arteko elkarlanaren helburu nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu