«Lokarriko kolaboratzaileek nabarmendu dutenez, azken egunetan gertatu direnek berresten dute gobernua ez dagoela prest ekarpen eraikitzaileak egiteko. Gehiago dena, baldintza berriak jartzeko espiral lauso batean abiatu da, kartzela politika aldatzeari begira eta desarmeaz hitz egiteko ETArekin kontaktuak hasteari begira». Lokarrirenbatzarrak kezkaz hartu ditu Espainiako Gobernu berriak abendutik hona egindako urratsak eta adierazpenak. Kartzela politikaren alorrean, PPren gobernua «konponbideak lortzeko ezintasunera daraman bide bat hartzen ari da, desibiltzeko oso zaila izango dena», Lokarriko kideen ustez.
Lokarriko laguntzaileek batzarra egin zuten atzo Donostian. Iazko urriko Nazioarteko Konferentziaren eta jarduera armatua behin betiko uzteko ETAren adierazpenaren ostean, batzartzen zen lehen aldia zuen Lokarrik atzo. Eta Espainiako Gobernuak harrezkero egindako bidean itzal ugari sumatzen dituela adierazi du. Kezka horrekin, datozen aste eta hilabeteetan Lokarrik egin beharreko lana zein den ere zehaztu du. Aieteko Adierazpena zabaltzea, alderdi politikoen arteko eta gizartearen barruko elkarrizketa sustatzea, eta adiskidetzea indartzeko proposamenak aurkeztea; horiek izango ditu lehentasun aurrerantzean.
Lehentasun horiek helburu argia dute: «Ibilbide orri partekatu bat zehaztea eta, horretarako, euskal gizartea adostasunetara hel dadin laguntzea». PPk ulertu behar du Madrilgo gobernuari urratsak egiteko eskatzen ari dena euskal gizartea dela, Lokarriko kideen esanetan. Eta itxaropena agertu dute, Espainiako Gobernua jabetuko dela bere «ekarpen aktiboa» garrantzitsua dela bakea egonkortzeko.
Lokarriko kideek atzo Donostian eginiko batzarraren parte handi bat hartu zuen azken aste eta hilabeteetan gertaturikoen analisiak. «Garai historiko hau sendotzeko zailtasunik handiena, Alderdi Popularreko gobernu berriak mugimendu positiborik ez egitea zen», zehaztu dute Lokarriko kideek. Kezka iturri diren alor batzuetan PPk ez duela bere jarrera argitu, eta beste batzuetan exijentzia eta eskakizunen maila bihurritu egin duela adierazi du Lokarrik.
Zer den barkamena eskatzea
«Gobernuak argitu behar du zer esan nahi duen barkamenaren exijentzia horrekin. Nahikoa da egindako mina onartzea? Biktimei ordaina emateko ardura hartu behar da? Barkamena eskatu behar da aurrez aurre? Konpromisoa hartu behar da berriro indarkeriarik ez erabiltzeko?».
Euskal presoak beren bizilekuetara gerturatzeko eta kartzela onurak emateko, etenik gabe barkamen eskeak egiten aritzea ez da arrazoizkoa, Lokarriko kideen esanetan. ETArekin kontaktuak hasteko ere beste horrenbeste gertatzen ari dela adierazi dute: «Ematen du exijentzien eskailera bat eraikitzen ari dela gobernua».Lokarrik uste du PP ez dela urrats egokiak egiten ari, sortu den «aukera handia» baliatzeko, eta «batere ekarpenik egiten ez duen» jarrera bat zuritu nahi duela, hainbat baldintza eta exijentzirekin.
Gobernua bide egokira eramateko, euskal gizartean adostasunak lortzea beharrezko sumatzen du Lokarrik, gero Madrilgo gobernuarengana eskakizun hori eramateko. Bertako instituzioek, herritarrek eta alderdi politikoek sustengatutako proposamen batek legitimitate eta indar handiagoa izango duela uste du.
Lokarrik ez dio «ekarpen eraikitzailerik» ikusten PPri
ETArekin hitz egiteko eta kartzela politika aldatzeko, «baldintzen eskailera» eraikitzea leporatu dio gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu