Joan den uztailean egin zuten eran, Espainiako Kongresuko oposizioko alderdiek elkar hartu dute gaur ere, hezkuntza erreformaren aurka. LOMCE legea adostasunik gabekoa dela eta hezkuntzaren kalitatea kaskartzea ekarriko duela ohartarazi dute, eta bertan behera uzteko eskatu diote Espainiako Gobernuari. Legez besteko proposamen bat aurkeztu dute horretarako.
PPren botoak aski izango dira eskari hori atzera botatzeko. Keinu horrekin, hala ere, batasun irudia eman nahi izan dute berriro ere oposizioko alderdiek; uztailean ohartarazi zioten Jose Ignacio Wert ministroari legea atzera botako dutela PPk gehiengoa galtzen duen orduko. Elkar hartu dutenen artean daude PSOE, EAJ, Amaiur, CiU eta Geroa Bai.
Horren aurretik, aukera dago Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jotzeko lege horren aurka. Asmo hori agertua du Eusko Jaurlaritzak. PSOEk ere azaldu du baduela asmoa, eta oposizioko gainerako taldeei eskaini die elkarrekin jartzea salaketa.