HEZKUNTZA

LOMCE legezkoa dela ebatzi du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak

PSOEko diputatuek eta Nafarroako Parlamentuak jarritako helegitea atzera bota du. Auzitegiko gehiengo kontserbadorearen botoekin onartu dute hezkuntza erreforma.

Jose Ignacio Wert ministro ohia eta Iñigo Mendez de Vigo ministroa. ZIPI, EFE
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko apirilaren 10a
10:34
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren onarpena jaso du PPren hezkuntza erreformak, LOMCEk. Kongresuan gehiengoa zuen garaian onartu zuen PPk lege hori, Jose Ignacio Wert ministroaren eskutik, eta aurkakotasun handia jaso zuen hezkuntza komunitatean eta parlamentuan bertan.

PSOEko diputatuek Auzitegi Konstituzionalera jo zuten, eta Nafarroako Parlamentuak bat egin zuen helegite horrekin —PSNk, Bilduk, Aralar-Nabaik eta Ezkerrak babestu zuten—. Auzitegiak, ordea, atzera bota ditu eskariak. Batetik, ez du onartu Iruñeko legebiltzarrak PSOEren helegitearekin bat egitea, eta, bestetik, sozialisten salaketa bera atzera bota du.

Honako hauek ziren PSOEren salaketaren gako nagusiak:

1. Sexuagatik bereizten duten eskolak. Neskak eta mutilak bereizten dituzten ikastetxeak itunpetzea propio onartzen du LOMCEk.

2. Ikasleak lehenago bereiztea. Ikastaldietan egindako aldaketen ondorioz, ikasleek lehenago hautatu behar izatea, DBHko hirugarren mailan: bide akademikoa (Batxilergoa) edo bide aplikatua (Lanbide Heziketa).

3. Eskola komunitatearen parte hartzea. Eskola kontseiluetan ikasleen, gurasoen eta irakasleen parte hartzea mugatu zuen LOMCEk.

4. Ikasleen hautaketa. Ikastetxeen “espezializazioa” proposatzen du legeak, eta, sozialisten arabera, “segregazioa” areagotzeko bidea da hori.

5. Erlijioa. Erlijioa ikasgaia ematen ez dutenek Balio Sozial eta Zibikoak ikasgaia eman behar dute derrigor. Erlijioko kalifikazioa kontuan hartzen dute espedienterako.

Sozialisten helegitea osorik bota dute atzera. Konstituzionaleko osoko bilkurako zazpi magistratu kontserbadoreek bat egin dute helegitea atzera botatzeko, eta aurka agertu dira beste bost epaileak.

Eusko Jaurlaritzak ere jarria dio helegitea LOMCEri, baina epaiaren zain daude oraindik, Hezkuntza Saileko iturriek azaldu dutenez.

LOMCEren aurkako helegite bat, bai, onartu du Konstituzionalak oraintsu: Kataluniako Generalitateak jarri zuen salaketa, umeek gaztelaniaz ikastea nahi duten familiei matrikula pagatzeko derrigortasuna ezarri zuelako LOMCEk. Hori Generalitatearen eskumenen aurkakoa dela ebatzi zuen auzitegiak. Epai horretan amaierako azterketei buruz ere mintzatu ziren epaileak —DBH eta Batxilergo bukaerako probei buruz—, eta ontzat jo zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.