Espainiako Kongresuak ostegunean onartuko du behin betiko LOMCE legea, hezkuntza erreformatzeko legea. Horri buruz galdetu du azken inkestan Eusko Jaurlaritzak, eta herritarren aurkakotasuna azaleratu du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, soilik herritarren %5 dago ados Espainiako Gobernuak taxututako legearekin. Aurkakoak %52 dira. %42k, berriz, ez dute iritzirik eman, erreformari buruz berririk ez dutela eta.
Erreformari aurre nola egin ere galdetu diete herritarrei. %39k diote Espainiako Gobernuarekin negoziatu behar duela Eusko Jaurlaritzak, erreforma osorik ez ezartzeko. Beste %39k uste dute, aldiz, erreformari uko egin behar diola Gasteizko gobernuak, "nahiz eta horrek enfrentamendua sortu Espainiako Gobernuarekin". %6k adierazi dute erreforma ezarri egin beharko lukeela Jaurlaritzak.
Eztabaida legebiltzarrean
Etzi, LOMCEri buruzko bilkura monografikoa egingo dute Eusko Legebiltzarrean. Talde bakoitzak bere proposamenak azalduko ditu erreformarekiko, eta Jaurlaritzak ere bai. EH Bilduk aurreratu du erreformari aurre egiteko ponentzia bat sortzea proposatuko duela, alderdi politikoak eta hezkuntzako eragileak bilduko lituzkeen lantalde bat.