Mehatxu gisara ikusten zuten orduan; indarrean dagoen legea da orain. Ez ezartzeko eskatu zuten orduan; ezarpenean atzera egiteko eskatuko dute orain. LOMCE hezkuntza erreformaren kontra, kalera aterako dira gaur Hegoaldeko lau hiriburuetan, LOMCEren kontrako plataformak deituta: Bilbon, Jesusen Bihotzean, 17:30ean; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazan, 18:00etan; Donostian, Bulebarrean, 17:30ean; Iruñean, 17:30ean, Antoniuttin.
Protesta egin zuten orain urtebete ere, Bilbon —hamar bat mila lagunek erantzun zioten deiari—. Beste bat da egoera orain: erreforma hasi da ikasgeletara heltzen; Nafarroan erabat ezarri dute, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, neurri txikiagoan. Bide hori gelditzeko eskatuko dute bihar. Manifestazioak erreformaren aurkako «abiapuntu bat» izatea nahi dute.
Hauek egin dute deia: Hezkuntza Plataformen Topagunea, Sortzen, Ikasle Abertzaleak, ELA, EILAS eta LAB. EHIGE guraso elkarteak, Ikastolen Elkarteak eta EH Bilduk babestu dute protesta.
Planto egiteko eskatu zuten iaz, baina horrelakorik ez dute egin gobernuek. Nafarroan erabat ezarri dute erreforma: erlijioaren ordezko ikasgaia sortu dute —Balio Sozial eta Zibikoak—, Ingurune ikasgaia bitan banatu da —Natur Zientziak eta Gizarte Zientziak—, eta LHko hirugarren mailan proba orokor bat egin beharko dute ikasleek, 9 urterekin. Lehen Hezkuntzako lehen, hirugarren eta bosgarren mailan. Hasi da oinarrizko lanbide heziketa ere. Nafarroan curriculum berria martxan jarri dute ikasturte honetan.
Jaurlaritzak era arinagoan ezarri du LOMCE. Erlijioaren ordezkoa abian da, proba orokortua ere egingo dute —Jaurlaritzak berak ezarrita—, eta Ingurune ikasgaiari bere horretan eutsiko dio —nahiz eta espedientean bi ikasgai eman izan balituzte bezala agertu—. Curriculuma ez da aldatu; astirik ez dela izan erantzun du Jaurlaritzak.
Elkarlanerako deia
Bide hori alboratzeko eskatuko dute gaurko protestetan: «konpromiso zehatzak» LOMCE ez ezartzeko eta hezkuntza Euskal Herritik eraikitzen hasteko. Elkarlana eskatu dute horretarako. Heziberri proiektua ere ate-joka dago. Jaurlaritzak abiatu du, eragile batzuen eskutik. Hileon aurkeztuko ditu curriculum berriak. Horien zain daude eragile batzuk.