HEZKUNTZA

LOMCEren azterketak eteteko bidea hasi du Kongresuak

PSOEren proposamena aurrera atera da osoko bilkuran. Parlamentuko tramitazioa egingo du orain, baina airean dago, gobernua osatzearen arabera.

LOMCEren aurkako protesta, Gasteizen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2016ko apirilaren 5a
07:47
Entzun

Amaierako azterketen egutegia bertan behera uzteko lege proposamen bat aintzat hartu du Espainiako Kongresuak. Finean, Lehen Hezkuntza bukaerako proba bertan behera uztea du lehen helburua lege aldaketak —aurten egitekoa dute azterketa lehen aldiz—; DBH eta Batxilergo amaierako azterketak ere eten egingo lituzkete —dekretuetan zehaztu gabe daude oraindik—.

PSOEk aurkeztu du proposamena, eta gainerako talde gehienen babesa jaso du. Hala ere, alderdi batzuek kritika egin diete sozialistei, proposamena eskasa delakoan —gogorarazi dute LOMCE atzera botatzea adostu zutela aurreko agintaldian—. Ciudadanosek, berriz, ez du proposamena babestu, nahiz eta PSOErekin akordio bat egina duen. Azaldu du LOMCE bertan behera uztea edo etetea ez dela “soluzioa”, hizketan hasi behar dutela alderdiek. PP eta UPN LOMCEren ezarpena etetearen kontra agertu dira.

Eztabaidan agerian geratu da horretarako zailtasun handiak izango direla. Ikuspegi oso ezberdinak agertu dituzte alderdiek. Talde konstituzionalistek hezkuntzako “akordio handi bat” eskatu dute. Alderdi abertzaleek ohar egin dute eskumenei eta hizkuntzen tratamenduari buruz.

Lege aldaketa izanik, parlamentuko prozesu osoa egin beharko du, Kongresuan eta Senatuan. Beraz, gobernua osatu ezin eta hauteskundeak ekainera aurreratuko balituzte, litekeena da lege aldaketa bidean geratzea. Datozen asteetan argituko da hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.