Larunbatean jardunaldi batzuk egingo dituzte Agurainen (Araba), LOMCE ez ezartzeko neurriak adosteko. Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreformari aurre egiteko gida lantzen ari dira ELA, LAB, EILAS, Sortzen, Ikasle Abertzaleak, Ikastolen Elkartea, Hik Hasi eta UEU Udako Euskal Unibertsitatea, eta zirriborroa aurkeztu dute gaur.
Iazko ekainean bat egin zuten taldeek, bi erronka nagusirekin: LOMCEri aurre egitea eta ez ezartzea, eta Euskal Herriko hezkuntza sistema propioaren bidean urratsak egitea. “Desobedientziarako dei zuzena” egin dute eragileek gidan.
Zirriborroan lan ildo batzuk zehaztu dituzte, larunbateko jardunaldian eta hortik aurrerakoetan taxutzen joateko asmoarekin. Hona neurri nagusiak:
1. Curriculuma. Espainiako Gobernuak ezarritako “inposaketa” neurriak ez onartzeko eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. Horren ordez, oinarrizko gaitasunak eta Euskal Herria aintzat hartuko dituen pedagogia eta curriculuma lantzea nahi dute. “Dimentsio ezberdinetan” aipatu dute Euskal Herria: “Linguistikoa, kulturala, soziala, historikoa, geografikoa, politikoa...”. Herriz herriko curriculumak ere indartu nahi dituzte.
2. Ikuspegia. LOMCErena ikuspegi “atzerakoia, merkantilista eta doktrinatzailea” dela ohartarazi dute, eta, horren ordez, hezkuntzari ikuspegi “integrala, laikoa eta aurrerakoia” ematea proposatu dute. Heziketa Zibiko eta Konstituzionala ikasgaia aipatu dute bereziki —erlijioaren ordezko ikasgaia izango da—; Espainiak proposatutako edukien ordez, ikuspegi zabalagoz aritzea nahi dute.
3. Ebaluazioak. Lau azterketa zehaztu ditu LOMCEk: lehen hezkuntzan, hirugarren eta seigarren mailan, 9 eta 12 urterekin; DBH amaieran, 16 urterekin; eta batxilergo amaieran, 18rekin. Horiek ez egitea proposatu dute. Horrek kaltea ekar diezaieke familiei, probak egiten ez dituztenak titulurik gabe gera baitaitezke. “Horrek arazoa sor dezake erabaki hauek langile, ikasle edo familia gutxi batzuek hartzen badituzte eta ikastetxe gutxi batzuetan soilik gertatzen bada. Aldiz, langile, ikasle eta familia ugarik eta ikastetxe askotan edo gehienetan aurrera eramaten bada, arazoa administrazioek izango dute”.
4. Hizkuntzak. Eskolako hizkuntzen ardatza euskara izatea proposatu dute, “bai ikasgelan, baita eskolako gainerako eremu guztietan ere”. Gutxieneko mailak zehazteko eskatu dute: derrigorrezko hezkuntza amaitzean, euskaraz eta gaztelaniaz C1 maila izatea (EGAren parekoa), eta B1 maila atzerriko hizkuntzan.
5. Aukera berdintasuna. Ikasleak azkarrago banatzea ekarriko du LOMCEk, 15 urterekin. Hori atzerapausoa delakoan, hori ez egiteko eskatu diete ikastetxeei, eta hori ez onartzeko familiei. Aukera berdintasuna bermatzeko, materialak eta zerbitzuak eskura jartzea galdegin dute: materialen doakotasuna, bekak handitzea...
6. Lehia. Eskola bakoitzaren emaitzak publiko egiteko asmoa du Hezkuntza Ministerioak. Horretan ez lehiatzeko eskatu diete ikastetxei, “eliteko” eskola izateko bidea ez hastera. Espediente ona duten ikasleentzat plazarik ez gordetzea proposatu dute.
7. Autonomia. Parte hartzea gutxitzea dakar erreformak; zuzendaritzek hartuko dute aginte handiagoa. Horren ordez, eskolako organoak demokratikoak izateko eskatu dute, eta, itunpekoen kasuan, funts publikoen erabilerari buruzko datuak gardetasunez adierazteko.
8. Oinarrizko lanbide heziketa. DBHn zailtasunak dituzten ikasleentzat oinarrizko lanbide heziketa sortu dute, eta irailean jarriko da martxan. Eragileek uste dute eskola porrota eta langabezia ezkutatzeko bidea dela. Ikasleak hara ez bideratzeko eskatu diete ikastetxeetako orientatzaileei; familiei galdegin diete ez dezatela onartu seme-alabak hara bidaltzea.