Atzo 75 urte bete ziren Jose Antonio Agirrek lehen Eusko Jaurlaritzako lehendakari karguaren zina egin zuela Gernikako Juntetxean. Urtemuga eguna, oroitzapenerako ez ezik, autogobernuaren aldarrikapena egiteko ere baliatu zuen Patxi Lopezen gobernuak. Agirre lehendakariak aurreneko Jaurlaritza osatu zuen leku berbera aukeratu zuen Lopezek ekitaldia egiteko: Gernikako Batzar Etxeko liburutegia eta batzar aretoa. «Orduko gobernuaren ondorengoak gara. Haien ondarea izan da gure oraingo autogobernuaren oinarri», nabarmendu zuen Lopezek. Lehen Jaurlaritzak «elkar ulertzea eta akordioa» izan zituen oinarri, eta harrezkero, autogobernua eta Estatutua «demokraziaren eta askatasunaren» adierazle dira euskal gizartearentzat, haren ustez. «Autogobernua ez da eskumenak pilatzea; elkarbizitzaren eredua da».
1936an osatutako Jaurlaritza goraipatu zuen Lopez lehendakariak Gernikako Batzar Etxean, lekua lepo beteta zegoela. «Ausartak» izan ziren orduko lehendakarieta sailburuak, gerra garaian herriaren oinarriak jarri eta autogobernua bultzatu zutelako, haren esanetan. «Autogobernua apustu berri eta ausarta izan zen, eredu zaharrak gaindituz elkarbizitza berria eraikitzeko».
Lehendakariak banan-banan gogoratu zituen aurreneko gobernuko kide guztiak: «Haien indarra lagungarria zaigu». Eta esker oneko hitzak izan zituen Carlos Garaikoetxea, Jose Antonio Ardanza eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohientzat ere —Ibarretxek ezin izan zuen ekitaldian parte hartu, kanpoan dagoelako—. Oroitzapenerako eguna izaki, lehenbiziko Jaurlaritzako kideen senideak izan ziren Gernikako Batzar Etxeko ekitaldian; besteak beste, Jesus Maria Leizaola, Alfredo Espinosa eta Juan de los Toyos sailburu izandakoenak. «Garai zailak bizi arren, gai izan ziren bat egitekoaskatasunaren, demokraziaren eta autogobernuaren alde».
Orduko eta gaur egungo euskal gizartearen antzekotasunak erenabarmendu zituen lehendakariak: «75 urte igaro eta gero, barne diferentziak onartzen dituen gizarte ireki bat izan nahi dugu eta nork bere askatasunari eusteko elkarbizitza esparrua eraiki».
«Hiritar askeek» osatutako gizarte eredu bat aldarrikatu zuen lehendakariak, «Euskadi talde proiektu bat» delako: «Herri gisa elkarrekin bizitzea hitzartzen duten hiritar askeek osatutako Euskadi bat nahi dut». Autogobernuak eskaintzen ditu, lehendakariaren hitzetan, gizarte eredu hori sortzeko oinarriak.
Egungo Jaurlaritzak badu erantzukizun bat aurrera begira, Lopezen arabera: «liskar eta istilurik gabeko» elkarbizitza eredua aldarrikatzen jarraitzea, hain justu ere. Aurretik izandako gobernuek utzitako ondarea da hori, eta ondare horixe bera eskaini behar zaie datozen belaunaldiei ere, haren ustez.
Gaur egungo abagune politikoan, gainera, balio berezia hartzen du autogobernuak, lehendakariaren arabera. «Garai berria zabaltzen ari da, iraganeko indarkeria betiko gaindituz. Batasun berri eta sendo bat osatzeko aukera eta hiritar guztiok berdintasunean bizitzeko aukera». Indarkeria azkenetan dagoela eta aro politiko berria hasten ari dela azaldu zuen. «Itxaropen aroa» da, Lopezen ustez: «Euskadin garesti ordaindu dugu, baina esperantzari eusten diogu».
Lehendakariaren oroigarria
Gonbidatu ugari izan ziren Gernikako ekitaldian. Eta une hunkigarriak izan ziren garai bateko Jaurlaritzako kideei egindako omenaldian, bereziki lehendakariak oroigarri bana eman zienean Agirre lehendakariaren garaiko gobernukideen senideei. Lopezek 1936ko eta 1979ko Estatutuak biltzen dituen liburu bat eman zien opari.
Bizkaiko Batzar Nagusietatik ere ordezkaritza zabala joan zenekitaldira, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusia buru zela. Egungo eta garai bateko sailburu eta diputatu asko ere egon zen han: Iñaki Anasagasti, Inaxio Oliveri, Juan Mari Atutxa, Joseba Arregi, eta Javier Balza, besteak beste.
Lopez: «Autogobernua ez da eskumenak pilatzea; elkarbizitzarako eredua da»
Agirre lehendakariaren lehen gobernua omendu du Eusko Jaurlaritzak Gernikan, hura eratu zeneko 75. urtemuga eguneanLehendakariak esan du indarkeriarik gabeko «garai berria» zabaltzen ari dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu