Lopez: «Gizartearen batasuna indartu behar da»

Lehendakariak Urkulluri erantzun dio inongo gatazka politikorik ez dagoela EAJ gobernuan ez izateagatik

Erredakzioa
Bilbo
2011ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu EAJko buruak herenegun egindako adierazpenei erantzun zien atzo Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Gatazka politikoaren «erakusle» izatea leporatu zion Urkulluk Lopezi. Lehendakariak, berriz, «urduri» ez jartzeko eskatu zion. «Ezin da pentsatu gobernuan ez izateagatik Euskadin gatazka politiko bat dagoela». Euskal gizartearen «batasuna indartzeko» ordua dela esan zuen, «elkartzeko garaia», ez norberak bere aldetik interes partikularrak babesten ibiltzeko momentua.

Hala, Lopezen esanetan, alderdi batzuk «gizartea zatitzearen kontura» hauteskundeetan ahalik eta emaitza onenen bila dabiltzan bitartean, bere alderdiak gizartearen «batasunaren eta esfortzuen baturaren alde» lan egingo du.

Indarkeriaren amaierak «min gehiegi» sortu duela adierazi zuen lehendakariak, eta bakerako bidea elkarrekin egiteko eskatu zien alderdiei: «Urte gehiegi galdu ditugu, etekin partikularrak lortzeko zatitzen hasteko orain».

Lopezen ustez, «itxaropen garaia» da gaur egungoa. Nabarmendu zuenez, hilabete amaieran egingo diren hauteskundeetan, «hautagaiak lehen aldiz aterako dira kalera frankismoaren totalitarismoaren edo ETAren mehatxupean 75 urte eman ondoren».

Elkarbizitzaren «garrantzia»

Espainiako Kongresurako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburuak izan zituen ondoan Lopez lehendakariak: Ramon Jauregi, Eduardo Madina eta Odon Elorza, hurrenez hurren. Indarkeriaren biktimei «ez isiltzeko» eskatu zien Madinak, «tragediaren aurpegia eta izena» direlako. Haien pluraltasuna babestu zuen, eta «manipulazioekin» kontuz ibiltzeko esan zien.

Elorza lehendakariaren ildo beretik mintzatu zen, eta «elkarbizitzarako» garaia dela adierazi zuen, «ez konfrontaziorakoa». Donostiako alkate ohiaren aburuz, ez da «lubakirik» ireki behar «amnistia eta independentzia» bezalako kasuak eskatuz. Krisiaren aurka borrokatu behar dela zehaztu zuen.

Jauregik enpresarien eta sindikatuen artean akordioak lortzeak duen garrantzia nabarmendu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.