«Lehendakari sozialista bat badago» ez dela «estatua zatituko duen Ibarretxe planik» egongo ohartarazi dio EAJri Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakari eta PSE-EEren hautagaiak. Horren ordez, «Euskadi talde bat egongo da, indarrak batzeko eta etorkizuna garaitzeko».
Atzo Gasteizen egindako agerraldian, Lopezek urriaren 21ean izango diren hauteskunde autonomikoetarako PSE-EEren zerrendak aurkeztu zituen, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiarekin batera.
Iñigo Urkullu EAJren hautagaiaren asmoa salatu zuen: «Ibarretxe planaren gauza batzuk berreskuratu nahi ditu», eta horrek «subiranotasunaren eztabaidara eta etengabeko konfrontaziora bueltatzea» dakarrela uste du Lopezek. «Gure indarrak inora eramaten ez gaituzten eztabaidetan jartzea nahi du, berriz ere. Horrela gizartearen banaketa eta estatuaren apurketa baino ez da lortuko, eta banatzen gaituen ororen kontra gaude sozialistok».
Horretaz gain, Lopezek adierazi zuen ez duela onartuko «Euskal Herrian izua ezarri dutenen laguntzaileak gaur egun terrorismoaren amaieraren bermatzaile moduan agertzea», eta gaineratu zuen PSE-EEkez diela «irabazten utziko». «Sozialistok erakutsiko dugu hobeak garela, gizatasunean, demokratikoki eta bozkalekuetan».
Lopezek adierazi zuen bere gobernuak «garai berri bat» zabaldu duela Euskal Herriarentzat, «bakearen legegintzaldia» lortu dutela. Hori dela eta, argudiatu zuen egungo egoera ez zuela Aieteko Konferentziak ekarri. Uste du «terrorismoaren kontrako 40 urteko borrokaren ondorioz» dagoela Euskal Herria gaur egungo egoeran, «Zuzenbide Estatuaren indarraz eta bi gobernu sozialisten lidergoaren eraginez».
Rubalcabak, bestalde, PSE-EEren esku dagoen Eusko Jaurlaritza jarri zuen Espainiako Gobernuaren murrizketen aurrean eredu gisa, «bide horretatik murrizketak eten daitezkeelako». «Euskaldunek inork baino hobeto dakite [Espainiako gobernuburu Mariano] Raxoik ezarritako eredua ez dela bakarra», azaldu zuen. Gainera, EAJ gobernura heltzen bada jeltzaleek Raxoiren murrizketa berak ezarriko dituztela ohartarazi zuen Lopezek, nahiz eta haiek «eusko label ezaugarriekin egingo duten».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea
Lopezek dio ez duela 'Ibarretxe planik' onartuko
Rubalcabak Eusko Jaurlaritzaren eredua goretsi du Raxoiren murrizketei aurre egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu