Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. PSE-EE

Lopezek erakundeetarako akordio bat proposatu die alderdiei, zerbitzuei eusteko

Gizarte Segurantzako Espainiako kutxa bakarrari eutsi nahi dio PSE-EEk, «Euskadin pentsioak bermatzeko»

Hodei Iruretagoiena
2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
«Zerbitzu publikoei eta politika sozialei eustea bermatzeko itun instituzionala» egin nahi du PSE-EEren lehendakarigai Patxi Lopezek gainontzeko alderdi politioekin. Horretarako, zerga erreforma bat egin beharra aldarrikatu du, «gehien dutenek gehiago ordain dezaten». Adineko pertsonen zenbait elkarterekin bildu da Lopez Gasteizen, eta Espainiako Gizarte Segurantzako kutxa bakarraren alde egin du, pentsioei eusteko berme gisa: «PSE-EEk gobernatzen badu beste lau urtez, kutxa bakarra ez da hautsiko, horixe baita pentsioak bermatzen dituena».

Administrazioaren eginbeharra «okerren pasatzen duen jendeari laguntzea» dela aldarrikatu du Lopezek, eta gaineratu du horretarako beharrezkoa dela «konpromisoak baliabideekin hartzea». Baliabideak edukitzeko, Lopezek adierazi du beharrezkoa dela zerga sistema aldatzea, «enpresei eta ekonomia errealari lagundu ahal izateko». Hiru neurri proposatu ditu horretarako: lehena, %60ra igotzea errentaren gaineko zerga urtean 120.000 eurotik gora irabazten dutenei, eta «elkartasun zerga berezi» bat jartzea milioi eta erdi eurotik gorako ondasuna dutenei. Bigarrena, bi milioi eurotik gorako irabaziak dituzten enpresek %3 gehiago ordaintzea Ogasunari, baldin eta diru hori ez badute lanpostuak sortzeko edo enpresaren lehiakortasuna bultzatzeko erabiltzen. Eta hirugarrena, «zerga iruzurraren aurkako borroka indartzea».

«Murrizketarik gabe»

Neurri horiek proposatzearekin batera, gobernuan egindako politika goraipatu du oraindik lehendakari denak. Lopezek esan du Eusko Jaurlaritzak eutsi egin diela zerbitzu publikoei, «osasun alorrean nahiz hezkuntzan murrizketarik egin gabe». Bere gobernuak beste lau urte behar dituela gaineratu du, eta agindu du lehendakari bada ez duela osasun alorrean murrizketarik egingo: «Beste gauza batzuk egin daitezke sendagaien berrordainketa baino lehen».

Pentsioei dagokienez, Espainiako Gizarte Segurantzako kutxa bakarrari eustearen alde egin eta abertzaleen «diskurtso faltsua» kritikatu du Lopezek. Haren esanetan, EAEk 800 milioi euroko galera du urtero pentsioetan, eta, ondorioz, «Espainia osoko langileen elkartasunari esker» kobratzen dira pentsioak. Alderdi abertzaleen aurka egin du, Errenterian (Gipuzkoa), Iñaki Arriola PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburuak ere. Arriolak esan du gobernatzeko eredu bera dutela EAJk eta EH Bilduk, eta gaineratu du gobernatzeko bi moduren artean hautatu behar dela datozen bozetan: «Elkarbizitzaren edo giro gaiztotu eta erradikalaren artean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.