Garai berria sendotu dadin, beharrezkoa izango da «guztien ahalegina eta elkarlana», Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi duenez. «Amets baten atarian gaude, eta lehen urratsak egiten ari gara», nabarmendu du agintari sozialistak. Haren ustez, «adiskidetasuna» eta Euskal Herriaren «pluraltasunaren eta aniztasuna errespetua» izango dira garai berriaren oinarriak. «Elkarlanerako aukera paregabe bat dugu, eta ezin dugu aukera hau alferrik galdu», nabarmendu du Lopezek.
Uda osteko lehen gobernu kontseiluaren ondoren eginiko prentsaurrekoan esan ditu hitzok lehendakariak. Ohi denez, Donostiako Miramar jauregian eman dio hasiera urte politiko berriari Eusko Jaurlaritzak, eta han izan dira Gipuzkoako agintari gorenak: Martin Garitano diputatu nagusia, Lohitzune Txarola Batzar Nagusietako presidentea eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, guztiak Bildukoak. Elkar agurtu ostean, argazkiak egin dituzte Miramar jauregiko atarian; lehenengoan, lehendakariak, haren gobernu taldeko kideek eta Bilduko ordezkari instituzionalek parte hartu dute, eta bigarrengoan, gobernuko kideek eta lehendakariak bakarrik. Gero, Patxi Lopezek eta Martin Garitanok elkarrizketa labur bat izan dute, ordu laurden ingurukoa.
Gobernu kontseiluaren ostean eginiko prentsaurrekoan, Lopezek ez du azalpenik eman nahi izan Garitanorekin izandako elkarrizketari buruz, baina esan du «amaitutzat» eman duela udan diputatu nagusiaren adierazpenen inguruan sortu den eztabaida.
Prentsaurrekoan, gobernu kontseiluak hartutako erabakiak azaldu ditu Lopezek, eta hasi berri den urte politikoari buruzko erronkak zehaztu ditu. Euskal gatazkari dagokionez, Euskal Herria «ziklo terroristaren amaieratik gertu» dagoela adierazi du Lopezek, eta «guztien ahalegina eta elkarlana» beharrezkoak izango direla helburu hori aurrera eramateko. «Jakitun izan behar dugu garai historiko baten atarian gaudela», adierazi du.
Lopezek uste du bide horretan ezker abertzaleak eman behar duela lehen urratsa, «ETA desager dadin eskatuz eta gainontzeko indar demokratikoekin batera lan eginez». Lopezen arabera, indar politiko horrek «oztopatu urte luzez bakea, askatasuna eta elkarbizitza», «indarkeria babestu eta hauspotu duelako». Egoera, baina, aldatu egin dela uste du buruzagi sozialistak, eta adierazi du hori gobernu sozialistak izan duen «irmotasunagatik» izan dela.
Lopezek uste du jokaleku politiko berriari lagundu egin diola Bilduk maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan parte hartu izanak ere. Hori hala, Bilduren bitartez lortu duen presentzia instituzionala baliatzeko eskatu dio ezker abertzaleari, eta gainontzeko indar politikoekin batera lan egiteko. «Demokraziak beste aukera bat eman die orain arte gure sistematik kanpo egon direnei. Haiei dagokie orain aurrerapauso garbiak ematea. Haiek mugitu behar dute, behingoz Euskadin elkarbizitza demokratikoa ezar dadin», nabarmendu du Lopezek.
Buruzagi sozialistak uste du egungo jokaleku politikoak elkarlanerako bidea errazten duela, eta nabarmendu du maiatzeko udal eta foru hauteskundeek utzi duten mapa instituzionalak Euskal Herriaren «benetako pluraltasuna» islatzen duela. «Euskadiko pluraltasuna ez da inoiz egon gaur egun bezain argi islatua. Nire ustez, itxurazko konplexutasun honek azpiko korronte bat ezkutatzen du: ezberdinen artean akordioak egiteko dugun ohitura. Sozialistok konpromisoa hartzen dugu indar hori biltzeko eta koordinatzeko», adierazi du Lopezek.
Ideia hori izango da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria prestatzen ari den bake planaren oinarrietako bat. Kazetarien galderei erantzunez, ez du bere egitasmoari buruzko xehetasunik eman nahi izan, baina aurreratu du hainbat proposamen egingo dituela «ETA behin betiko amaitzeko neurrien inguruan» eta Euskal Herrian «gertatu denari buruz». « Herri honen pluraltasunaren eta aniztasunaren errespetuan oinarritu behar da garai berria», nabarmendu du agintari sozialistak. Irailaren amaieran aurkeztuko du bere egitasmoa, Eusko Legebiltzarrean egingo den politika 0rokorreko saioan.
Bere hizketaldian, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak behin eta berriz nabarmendu du «garai berri baten» atarian dagoela euskal politikagintza. «Mugarri bat ipini da iraganaren eta etorkizunaren artean», adierazi du. Garai berri honen adibide gisa jarri du udan Euskal Herriko herri eta kaleetan izandako «giroa». «Lehenengo aldiz, ez da indarkeria ekintzarik izan, eta askatasunerako berreskuratu dira kaleak». Egoera hori «desitxuratu» nahi izan duenik ere izan dela salatu du. «Badirudi pertsona batzuek iraganera lotuta jarraitzen dutela eta ez dutela Euskadi demokratiko berrian parte hartu nahi».
Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak eginiko agerraldi eta adierazpenen inguruan sortutako eztabaidak kritikatu ditu Lopezek, nahiz eta horietako batzuk haren alderdikideek sustatu. Garitanoren aurkako zentsura mozioa aurkezteko aukera, esaterako, Javier Rojo Espainiako Senatuko presidenteak proposatu zuen. Lopezek, baina, PPri leporatu dio gai hori erabiltzea, «boto eskukada bat lortzeko asmoz». «Euskal politikagintzak ez du gisa honetako eztabaidarik behar. Espainiako PPk kasu gehiago egin beharko lioke Euskadiko PPri», nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Garitanoren inguruan izandako eztabaida «amaitutzat» eman du Lopezek.
Bildu, urratsak egiteko prest
Lopezen adierazpenen aurretik, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Pello Urizar EAko idazkari nagusia prest azaldu da, Lopezek galdegin bezala, bake bidean urratsak egiteko. Bilduri hori eskatzen diotenek, baina, «mahaiaren beste aldeari» ez diotela eskakizunik luzatzen salatu du. «Biktimak prozesuaren zati bat dira, baina zenbait hedabide eta alderdik beste biktima batzuk ere badaudela ahazten dute. Guk garbi daukagu pauso horiek emango ditugula, baina ez dugu onartuko inork bere erritmoa eta bere egutegia, bere mesedetan ezartzea. Guk pausoak emango ditugu eta erakutsiko dugu», adierazi du Urizarrek.
Eusko Jaurlaritza. Urte politiko berriko lehen gobernu kontseilua
Lopezek esan du guztien ahalegina beharrezkoa dela «garai berrian»
Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, «demokraziak ez dio ezer zor ezker abertzaleari», eta hari dagokio «mugitzea»Euskal Herriko mapa instituzionala «inoiz baino pluralagoa» dela nabarmendu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu