Lopezek esan du indarkeria amaituko den aroa hasten ari dela

Ohartarazi du egoera berrira heltzea ez dela egun batetik bestera lortuko baina egunetik egunera gertuago dagoelaAresek dio «atzerapausoa» dela gobernuei konponbiderako pausoak eskatzea

Rodolfo Ares eta Patxi Lopez, Bilboko kaleetan, atzo, PSE-EEren Batzorde Nazionalaren bilerara zihozela. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko irailaren 8a
00:00
Entzun
«Aukeren garai berria hasten ari gara. Euskadin ziklo terrorista behin betiko amaitzeko aro berria. Ez dugu ez egun batean ez bitan egingo, baina egunez egun Euskadin demokrazia egonkortuago dago, eta askatasuna handiagoa da». Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak PSE-EEko idazkari nagusi gisa alderdikideen aurrean esandako hitzak dira; hil amaieran PSOEk Madrilen egingo duen Konferentzia Politikora PSE-EEk zein ordezkari bidaliko dituen erabakitzeko atzo arratsaldean Bilbon eginiko ezohiko biltzarrari hasiera emateko hitzaldian esanak.

ETA «sekula baino ahulago» dagoela esanda arrazoitu du aukera. «Arnasa eman dionak» arnasa emateari uztea besterik ez dela falta esan du, ezker abertzalea gogoan zuela. «ETA hiltzear dago; ezker abertzaleak arnasa emateari uzteko eginbeharra du. Ondoren, bakea eta askatasuna egonkortuko dira».

Baina ez hori bakarrik. Ezker abertzalea «demokrazian sartu» dela adierazi du, eta horixe dela «garaipenik handiena», «demokraziaren garaipena». Hain zuzen, demokrazian ezin dela garaile eta garaituen artean banatutako borrokarik egin azaldu du, beste garai batzuetako mezua aldatuta: «Demokrazian garaipenak ez dira etsai guztiak suntsitzen diren gudu militarrak; demokraziaren garaipen handia demokrata ez direnak demokrata bihurtzea da». Eta horixe lortu duela adierazi du, ezker abertzalea «demokrazian sartu» dela argudiatuta.

«Legealdi honetan berrikuntza garrantzitsu bat dugu: ezker abertzaleak ordezkaritza instituzional legala du». Hori ere «aukera berrien» adierazle dela uste du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako instituzio nagusiak —aldundiak eta Jaurlaritza— lau alderdik gobernatzeak politikagintza aniztasunez bete duela txalotu, eta horrek emandako aukerak baliatzeko deia ere egin du.

Gainontzean, krisi ekonomikoa gainditzeko elkarrekin jo beharra eta zerga sistema aldatu beharra aldarrikatu du, azaroan Espainiako Kongresurako egingo diren hauteskundeei begira jarri aurretik. Bozei dagokienez, akatsak akats eta desberdintasunak desberdintasun, ezkertiar guztien indarrak batzeko eskatu du. «Eskuinarengandik ikasi» eta botorik ez galtzeko «txikikeriengatik», eta Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren hautagaia bozkatzeko.

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua ere mintzatu zen gatazka gainditzeari buruz atzo, baina oso bestela. Konponbiderako prozesua gauzatu dadin urratsak eskatzea «atzerapausoa» dela esanzuen Araban, Ertzaintzak Arkautin duen eskolan. Bilduko kideek Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari ETAren amaiera errazteko pausoak eman ditzatela eskatu izana «atzerapausoa» dela adierazi zuen, «ETA desagertzearen truke ordainsari politikoa eskatzea» dela argudiatuta.

«Akats izugarria da», esan zuen. Bilduko hainbat ordezkari EAkoak direla ohartarazi, eta horien zein «eskaera bera egin duten beste alderdi batzuetakoen» jarrera «ulertzen zaila» egin zaiola adierazi zuen, «erradikal abertzaleek iraganean egiten zuten diskurtsoa bere egiten ari direlako». Hortaz, oharra igorri zien «bai Bildukoei baina baita herritar guztiei ere: ETAri, ekimen terrorista guztiak behin betirako utzi dituela, desegin eta desagertu egin dela esatea falta zaio oraindik». Hortaz, eskaerak ETAri soilik egin behar zaizkiola ohartarazi zien herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.