Lopezek eta Raxoik ETAren amaiera aztertuko dute bihar Moncloan

Espainiako Gobernuak euskal presoekin ere legea bete beharko duela esan du Aresek espetxe politikari buruz

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuarekin bilduko da bihar arratsaldean Madrilen, Moncloa jauregian. Raxoik Espainiako Gobernuko presidentetza hartu zuenetik bi buruzagiek izango duten lehen bilera ofiziala izango da biharkoa, eta ETAk jardun armatua bertan behera utzi ondorengo egoera aztertzea izango dute zeregin nagusi. Lehendakaritzak ohar bidez jakinarazi duenez, «ETA behin betiko desager dadin» eta «Euskadin elkarbizitza demokratikoa eraiki dadin» EAEko gobernuak eta Espainiakoak izango duten elkarlana izango dute hizpide. Lopezek esana duenez, espetxe politika aldatzeko beharrari buruz ere hitz egin nahi du lehendakariak Espainiako gobernuburuarekin.

Lopezek irailean Eusko Legebiltzarrean «bake eta elkarbizitzarako» aurkeztu zuen «bide orriaren» berri emango dio Raxoiri. Bertan, espetxe politika adosteko eta malgutzeko proposatu zuen, eta, «gizarteratzea errazteko», euskal presoak Euskal Herritik gertuko espetxeetara «progresiboki» ekartzeko.

Asteartean Rofolfo Ares Herrizaingo sailburuak eta Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak bilera egin ondoren adierazi zutenez, espetxe politikari buruz aritu ziren haiek ere. Aresek espetxe politika aldatzeko beharra plazaratu zion Fernandez Diazi, eta ministroak ETA desegiteko baldintza jarri zion malgutzeari. Edozein kasutan, jakinarazi zuten Lopezek eta Raxoik aztertuko zutela gaia sakon.

'Parot doktrina'-ren alde

Alberto Ruiz-Gallardon Espainiako Justizia ministroak asteartean Barne ministroak zabaldutako mezu bera eman zuen atzo. Egungo espetxe politikari tinko eustearen alde egin zuen. 197/2006 doktrina defendatu zuen Espainiako Kongresuan, eta Auzitegi Gorenak doktrina ezartzen jarrai dezan aginduko duen esperantza azaldu zuen.

Euskal presoei legeak jasotzen dituen onurak ezartzeari buruz ere zorrotz aritu zen. Euskal presoei inolako onurarik emateko asmorik ez duela eman zuen aditzera: «Inork uste badu gure herrian terrorea eragin dutenek neurri horietaz baliatu ahalko dutela ETA talde terroristaren adierazpen bat egon delako soilik, oker dago». Onura neurriak preso bakoitzaren «faktore partikularretara» lotuta daudela esan zuen, eta beharrezko izango dela barkamena indibidualki eskatzea zein bakoitzak biktimen erreparaziorako nahia izatea.

Horrez gain, Justizia ministroak adierazi zuen neurriak hartu aurretik kontuan hartuko dela preso bakoitzak eragindako biktimen iritzia.

Aresek Espainiako Gobernuaren ordezkarien aurkako iritzia azaldu zuen atzo ere: «Gobernuak legea bete beharko du espetxe onurak indibidualki eskatzen dituzten ETAko presoekin». Herritarrei «lasaitasun mezua» bidali zien, «informazio guztiek erakusten dutenaren arabera» ETAk ez duelako indarkeriarik erabili, «ez estortsiorik, ez mehatxurik». Azaldu zuen klandestinitatean mantentzeko behar dituen mugimenduak besterik ez dela ari egiten.

ETA, desarmatzeko zain

ETA ez dela desegin salatzen ari direnen aurrean, ikuspuntu berria eman zuen atzo Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak: «Desarme prozesurako elkarrizketa teknikoa abiatzeko norbaitek deitu zain dago ETA». Hortaz, Barrenaren ustez, «ulergaitza» da Espainiako Gobernuak ETAra jo ez izana eta, horren ordez, «indarkeria amaitzea erabaki dutenak atxilotzen aritzea».

Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentearen ustez, «ezker abertzalearen teilatuan dago pilota». «Jardun armatua amaitzeko erabakiaren aurka egiten duen elementu bakarturik ere ez duela justifikatuko argitzeko pedagogia» egin behar duela esan dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.