Harremana utziko zuela esan zionean, bikotekideak hil egin zuen Loredana Andriescu. 23 urte zituen emakumeak, 27 gizonak. Gaztetatik ziren bikote, zortzi urte lehenagotik. Elkarrekin etorri ziren Errumaniatik Euskal Herrira. Catalin Nicusor Plopanek 2006ko uztailaren 3an hil zuen Andriescu, Basaurin (Bizkaia).
Ikusi gehiago
Gizonaren beldurrez bizi zen emakumea, lagunei aitortu zienez. Kontrolatu egiten zuela, eta gaizki tratatzen zuela esaten zien. «Izututa» bizi zen, lagunen esanetan.
Andriescu harremana uzten saiatu zen lehenago ere, eta Basauriko gizarte zerbitzuetara laguntza eske ere jo izan zuen. Etxetik alde egin zuen behin. Nicusor atzetik joan zitzaion, eta hilko zuela mehatxu egin zion. Gizonarekin eta aitarekin bizi zen Andriescu, eta haien etxera itzuli zen.
Handik laster berriro saiatu zen harremana eteten. Lagun baten etxera joan zen Andriescu, eta Nicusorri deitu zion, bukatu zela, eta bere gauzen bila joango zela abisatzeko. Etxera iritsi zenean, gizonak labana batekin sastakatu zuen andrea. Hamasei bider sartu zion labana, sukaldean. Gero bere buruari zauri batzuk egin zizkion gizonak, baina arinki.
Andriescuren adiskidea zain zegoen artean. Telefonoz deitzen zion, baina emakumeak ez zuen erantzuten, eta Ertzaintzari abisu eman zion azkenean. Poliziak hilketaren lekura iritsi zirenean, andrearen gorpua aurkitu zuten, eta gizona, haren gainean etzanda. Gurutzetako ospitalean artatu zuten gizona.
Handik bi urtera egin zuten epaiketa, eta hamazazpi urte eta erdiko kartzela zigorra eman zioten gizonari.
Basauriko sindikatuen foroak —ELA, LAB, UGT, CCOO, ESK, Steilas eta USO— hamar minutuko lanuzte batera deitu zuen uztailaren 5ean. Aurreneko aldia izan zen sindikatuek hilketa matxista batengatik lanuzte batera deitu zutena.