euskal presoak

Lorentxa Gimonek gose greba utzi du, kartzelaz aldatuko dutela bermatu diotelako

Roazhoneko (Rennes) espetxera eramango dutela esan dio Roanneko zuzendariak, eta han beste euskal preso batzuekin egon ahal izango da. Gose grebaren 39. eguna zuen gaurkoa. 2009ko ekainetik kartzelan bakartuta zegoen.

2010eko otsailaren 9a
17:40
Entzun 00:00:0000:00:00
Lorentxa Gimon euskal presoak (Angelu, Lapurdi) gose greba utzi du gaur, protestaren 39. egunean, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) arratsaldean jakinarazi duenez. Izan ere, Roanneko (Frantzia) kartzelako zuzendariak bermatu dio kartzelaz aldatuko dutela: Roazhoneko (Rennes; Bretainia) eramango dute eta han beste euskal preso batzuekin egon ahal izango da.

AAMk goizean esan du "oso ahul" dagoela Gimon. Gainera, Roanneko kartzelan hari eman dioten tratua salatu du. "Telefenoz deitu behar zuen bakoitzean ez zioten aulkirik ematen orain arte eta zutik egon behar zuen. Gimon belauniko jartzen zen orduan, ezin zuelako zutik iraun hizketaldi osoan". Atzo eman zioten aulkia.

Lehengo ostiralean asteroko miaketa egin zioten ziegan eta AAMk gaitzetsi du "inoiz baino gogorragoa" izan zela.

Urtarrilaren 2tik zegoen gose greban Gimon, bakartzea salatzeko eta hainbat eskubideren errespetua eskatzeko. Hala-nola, euskal preso politikoekin batera jar zezatela galdatzen zuen. Hain zuzen, 2009ko ekainean kartzelaz aldatu zuten, eta Roannekoan bakartuta utzi. Bestalde, "familiaren eskubideak bermatzea" eskatzen zuen; izan ere, kartzelatua duen senarrarekin eta zazpi urteko alabarekin komunikazioa eta bisitak ukatu dizkiote. Komunikaziorako eskubidea ere eskatzen zuen. Roannera heltzean bisita baimenak kendu zizkioten, bost bisita baimen bakarrik onartuz. "Bizi-baldintzak hobetzea" ere galdegiten zuen.

"Egoera muturrera iristen ari da. Lorentxak argi ditu bere eskaerak zein diren, eta argi du zertan ari den. Alarma guztiak piztu nahi ditugu.", zioen goizean AAMk.

2003ko urtarrilean atxilotu zuten Gimon, ETArekin zerikusia zuelakoan. 25 urteko kartzela zigorra jarri zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.