Beatriz Amendola. Erradiokirurgialaria

«Lortzen ari gara hainbat minbizi mota gaixotasun kroniko moduan tratatzea»

Minbiziaren kontrako tratamenduak gero eta eraginkorragoak dira, baina eritasunari aurre egiteko modurik onena oraindik ere prebentzioa dela azaldu du Beatriz Amendola erradiokirurgialariak.

ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Krisiaren ondorioz minbiziaren kontrako ikerketan egiten ari diren mozketak kezkaz ikusten ditu Beatriz Amendola erradiokirurgialariak (Montevideo, Uruguai, 1948). «Oso kezkagarria da, eta hori bezain larria iruditzen zaigu gaixotasuna tratatzeko baliabideetan egiten ari diren mozketak». Amendolak erradiokirurgiaren inguruan Donostian egindako kongresu batean parte hartu zuen, ostegun eta ostiralean.

Nola joan da kongresua?

Oso aberasgarria izan da.Erradiokirurgiarako dauden teknologia eta teknika aurreratuenen inguruan eztabaidatu dugu.

Zer da zehazki erradiokirurgia?

Izenak dioen moduan, kirurgia eta erradioterapia batzen dituen teknika bat da. Azken batean, kirurgialariak egiten dituen ebaki berdinak egingo dira, baina erradiazio dosi handi eta indartsuak erabilita. Erresonantzia magnetikoaren bidez lortutako irudiei esker, erradiazio hori zuzenean tumorera doa, eta, beraz, erradiazioa ez da inguruko ehunetara iristen. Gainera, gaixoak bat eta bost saio artean egin behar ditu. Ohiko erradioterapiaren kasuan, bost-sei aste irauten du tratamenduak. Besteak beste, garuneko, biriketako eta bizkarrezurreko tumoreetarako erabiltzen da, baita metastasia dutenentzat ere. Kostua eta eraginkortasuna kontuan hartuta, erradioterapia baino hobea da.

Beraz, gaixoaren bizi-kalitatea hobea da teknika horri esker.

Bai, alboondorioak gutxiago direlako: gaixoari ez zaio ilea erortzen, egunean bertan etxera joan daiteke... Aukera ematen du, gainera, behar izanez gero, erradioterapiaren eta kimioterapiarekin batera erabiltzeko. Lortzen duguna da hainbat minbizi kronikoak balira bezala tratatzea.

Minbizia gaixotasun kroniko bat bihurtzea da mende honetan medikuntzak duen erronkarik nagusienetakoa?

Bai, pixkanaka. Hori ari gara lortzen prebentzioa handiagoa delako eta tratamenduak, eraginkorragoak.

Tratamenduetan gero eta aurrerapauso handiagoak ematen ari dira?

Bai, gero eta zehatzagoak eta eraginkorragoak dira. Nik nabarmendu nahiko nuke, baita ere, hainbat minbizitarako erabiltzen hasi garen arrisku testa. Test horri esker, ikus daiteke gaixoarengan nolako eragina izango duen kimioterapiak, beharrezkoa den edo ez; baita minbizia berriz garatzeko aukerarik duen edo ez ere. Batez ere, bularreko minbizia duten emakumeekin erabiltzen da, baina, pixkanaka, espero dugu beste minbizibatzuetan ere aplikatu ahal izatea.

Minbizi mota batzuetan, bizi-itxaropena handia da: %90ekoa bularrekoan, adibidez. Zergatik ez da hori gertatzen bestebatzuetan?

Minbizi mota batetik bestera, aldea handia da. Egia da biriketako minbizia dutenen bizi-itxaropena, adibidez, ez dela horren handia. Baina hori gertatzen da ez duelako sintomarik ematen. Beraz, oso berandu diagnostikatzen da. Horrenbestez, askotan, ebakuntza egitea ezinezkoa da. Gainera, batzuetan leku zailetan egon ohi da tumorea. Gaixo horiek, halaber, bestelako osasun arazo batzuk dituzte: gizentasuna, diabetesa, hipertentsioa, arnas hartzeko arazo kronikoak... Egun, erradiokirurgiari esker, aukera dago gaixo horietako asko tratatzeko. Haien bizi-itxaropena orain gutxi arte baino lau urte luzeagoa da. Biriketako minbiziarekin ere arrisku testak hasi dira erabiltzen, eta horrek ere laguntzen du. Bestalde, ohiko medikuntza alternatiboarekin uztartzearen aldekoa naiz. Akupunturak, psikoterapiak etasendabelarrek, adibidez, tratamendua hobeto jasaten laguntzen diote eriari.

Zuk, dena den, beti defendatu izan duzu botikarik edo errezetarik onena prebentzioa dela.

Zalantzarik gabe. Zenbat eta lehenago diagnostikatu, tumorearen garapena orduan eta txikiagoa da. Beraz, tratamenduak ez dira horren gogorrak izango, eta aukera handiagoa dago bizirik irteteko. Minbizia hasierako fasean tratatzen ez bada, erasokorrago bihurtzen joaten da. Egun biziraupen maila altuena duten minbizietako hiru bularrekoa, kolonekoa eta prostatakoa dira. Hori, ezarri diren programei esker da. Amerikako Estatu Batuetan, adibidez, lortu dugu prostatako minbizi kasuen %90 hasierako fasean diagnostikatzea. Nabarmendu nahiko nuke, halaber, umetokiko lepoko minbiziaren kontrako txertoaren eraginkortasuna. Berez, oso diagnostiko txarra duen minbizia da, baina txertoarekin ziur nago etorkizunean minbizi hori ia desagerraraztea lortuko dugula.

Orain hilabete batzuk zabaldu zen Espainiako Gobernuak asmoa zuela bularreko minbiziaren kontrako prebentzio programan murrizketak egiteko, eta soilik arrisku taldeei egiteko mamografiak. Zer iruditzen zaizu?

Astakeria handi bat. Nabari da halako erabakiak hartzen dituztenak ez direla osasun profesionalak. Nik uste osasunari dagozkion erabakiak osasun profesionalek hartu beharko lituzketela, edo, behintzat, haien iritzia oso kontuan hartu beharko litzatekeela. Gainera, halako neurriekin dirua aurreztuko dutela uste badute, oker daude. Programetan aurreztuko dutena gero gastatu beharko dute, minbizi kasu larriagoak tratatzen.

Krisiaren ondorioz egiten ari diren murrizketek minbiziaren kontrako ikerketetan eragina izan dezaketela uste duzu?

Bai, eta oso gauza larria dela iruditzen zait. Baina, ikerketan egiten diren murrizketak ez ezik, oso kezkagarriak iruditzen zaizkigu gaixotasuna tratatzeko baliabideetan egiten ari direnak. Adibidez, badira administrazio batzukerradiazioa emateko makinak aldatu nahi ez dituztenak. Makina horietako batzuek hamabost eta hogei urte artean dituzte, baina ez dituzte aldatzen.Dirurik ez dagoela esaten dute. Baina hamar urte betetzen dutenetik eraginkortasuna galtzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.