AZPIEGITURAK

Los Arcosko zirkuitua pribatizatzeko lehiaketa antolatu du Nafarroako Gobernuak

Bost urteko alokairua eskainiko du gobernuak, eta lehiaketaren irabazleak azpiegitura erosi ahal izango du hirugarren urtetik aurrera.

Zirkuitua, 2010ean. I. URIZ, ARP
jon olano
2013ko urriaren 30a
18:06
Entzun

Nafarroako Korporazio Publiko Enpresarialak lehiaketa publiko bat jarri du martxan, Los Arcosen dagoen zirkuituaren kudeaketa esku pribatuetan uzteko. Bihar argitaratuko dute lehiaketa Nafarroako Gobernuko kontratazioen webguenan, eta zirkuituaren jardueraren jarraipena bermatu nahi dute horrela, erakunde publikoei kosturik eragin gabe.

Korporazioko zuzendari Jorge San Miguelek gaur jakinarazi dio erabakia Nafarroako Gobernuari. Helburua da enpresa pribatu batek kudeatzea azpiegitura hori, bost urtez alokairuan emanaz. Hirugarren urtetik aurrera, zirkuitua erosteko aukera izango luke kudeaketa bere gain hartzen duen enpresak. Bost milioi euro aurreztuko lituzke horrela gobernuak.

Azaroaren 11ra arte izango da zabalik lehiaketara aurkezteko epea. Hautagaiek kirol azpiegituren kudeaketan eskarmentua dutela frogatu beharko dute.

Galerak urtez urte

2010eko ekainean ireki zuten Nafarroako Los Arcosko auto eta motor zirkuitua, eta, urte horretan bertan, 2,6 milioi euroren galerak izan zituen; zirkuitua sortu zuen sozietatearen arabera, 1,7 milioi euro irabazi eta 4,3 milioi euro galdu zituen. Zirkuituaren sozietatea 2007an osatu zuten Samaniego eraikuntza enpresak eta Nafarroako Gobernuak; kapitalaren %55 enpresa pribatuarena zen, eta %45 erakunde publikoarena.

Urte horretan bertan, moldatu egin zuten zirkuituaren proiektua, hura handizeko: maila guztietako auto eta motor lasterketak egin daitezke han, 1 Formulako eta MotoGPko lehiaketak izan ezik. Proiektu berria garestiagoa izanik, Samaniegok ezin izan zion aurre egin, eta, egun, kapital guztia dago erakunde publikoaren esku.

Nafarroako Kontu Ganberaren arabera, 52 milioi euro kosta izan zen zirkuitua, eta %36 diru publikoarekin ordaindu zen. Gainera, irabazitako 1,7 milioietatik 350.000 euro Nafarroako Gobernuak berak emandako diru laguntzenak izan ziren. Zirkuituaren kontuen gaineko txosten bat egin zuen ganberak, 2010eko ekainean; ebatzi zuenez, kapitalean eta proiektuaren tamainan izandako aldaketek adierazten dute egitasmoaren "definizio falta".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.