Los Arcosko zirkuituko akatsen harira, 940.000 euroko gastua

NICDO enpresa publikoak pagatu du, eta enpresa eraikitzaileen aseguruen bidez nahi du orain berreskuratu.Oposizioak dio azpiegitura oso berria dela halako gastuak izateko

Los Arcosko zirkuituan egindako motoziklismo lehiaketa bat, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Joxerra Senar - Arantxa Iraola
2014ko irailaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
940.000 euro inguru. Nafarroako Gobernuko Kultura kontseilari Juan Luis Sanchez de Munianek atzo Nafarroako Parlamentuan onartu zuen diru kopuru hori ordaindu behar izan dela uda honetan Los Arcosko zirkuituko hainbat «akats» konpontzeko; eta funts publikoetatik egin dela, gainera. «Ez dira mantentze lanak; lehendik aurreikusitako obrak ziren», adierazi zuen. Halaxe argudiatu zuen obra horiek NICDO enpresa publikoak pagatu behar izana —azpiegituraren jabea da, kudeatzen ez badu ere—. Nolanahi ere, esplikatu zuen enpresa eraikitzaileei eskakizuna egin zaiela eta haien aseguruen bitartez gastatutako dirua berreskuratu nahi dutela. «Agian auzitara jo beharko da, agian ez». Lauso artean dago dirua berreskuratuko den; noiz izango den. PSNko parlamentari Maite Esporrinek egindako galdera bati erantzunez mintzatu zen Sanchez Munian.

Zirkuituko bideko zoruan konponketak egin behar izan dituzte, eta beste hainbat egokitzapen. Oposizioko ordezkarien kritikak eragin zituen horrek atzo Nafarroako Parlamentuan. Izan ere, oroitarazi zuten azpiegitura zinez berria dela Los Arcoskoa —bost urte ditu— halako gastu handiak izateko. «Benetan deigarria da 60 milioi euroko kostua izan zuen azpiegitura batean hain konponketa garestiak egin behar izatea halako ezaugarri garrantzitsuetan», esan zuen, esaterako, Bilduko parlamentari Koldo Amezketak. Txema Mauleonek, Ezkerratik, adierazi zuen ez zela aurretik obra horien berri eman. «Ukaezina da kudeaketa txarra; gaizki hasi zen, gaizki jarraitu zuen, eta gaizki segitzen dugu».

Oparoaldiko egitasmoa

Usu egin dira antzeko kritikak. Los Arcosko zirkuitua diru publikoaren xahutze itzelaren eta kudeaketa negargarriaren sinonimo da egun, eta UPNk orain aldarrikatzen duen austeritatearen antonimo. Hasiera batean Samaniego Vianako eraikuntza enpresaren egitasmo pribatua zena ia oso-osorik irentsi du arlo publikoak, betidaniko tranpa betikotuz: irabazia, kapital pribatuarentzat; galera, zergadunentzat. Krisiaren atarian, 2007ko urtarrilean, Jesus Samaniego Arana Vianako enpresaburuak —beste hainbat enpresa ditu, eraikuntzari eta ardo upeltegiei lotuta— Los Arcos inguruko zoru batzuk erosi eta bertan zirkuitua eraikitzeko proposamena egin zion UPNko alkate Jeronimo Gomezi.

Hasiera hartan, sei milioi euroko aurrekontua izango zuen azpiegiturak, eta helburua ingurunean aberastasuna sortzea izango zen: «Bere ustiakuntza zuzenak sortzen duen etekinagatik baino gehiago, inguruan sortuko duen aberastasunagatik» izango zen errentagarri. Hori zen promesa.

Gomez Ortigosa UPNko alkateak Nafarroako Gobernura helarazi zuen proiektua, eta 2007ko maiatzean SPRIN sozietate publikoak akordioa izenpetu zuen Samaniegorekin: Circuito Los Arcos SL enpresaren partaidetzaren %45 erosiko zuen, eta enpresa hori arduratuko zen eraikuntzaz.Lau hilabeteren buruan, zirkuituaren hasierako aurrekontua ia bost bider handitu zen, 28 milioi eurora arte, eta finantzaketaren zati handiena SPRINek jarri zuen.

CANen finantzaketa

Sozietatearen beste %55 izanda, lanen eraikuntza Samaniegok hartu zuen, eta formula horren bitartez saihestu zuten eraikuntzaren inguruko lehiaketa publikoa egitea. Lanak 2008an hasi ziren, baina, hilabeteek aurrera egin ahala, kostuak are gehiago handitu ziren: 2009 erdialdera 62,2 milioi eurotan zenbatu zen faktura osoa. Samaniegok faktura horri ezin zionez aurre egin, SPRINek enpresaren %95 bereganatu zuen. Obra finantzatzeko mailegua, berriz, Nafarroako Kutxak eman zuen. Espainiako Bankuaren barne txostenetan datorrenez, Nafarroako Gobernuak bermatutako 25 milioi euroko kreditua eman zion zirkuituaren enpresa kudeatzaileari.

Nafarroako Kontuen Ganberak azterketa bat egin zuen 2010ean, eta, beste ondorio batzuen artean, nabarmendu zuen onuradun nagusia Samaniego enpresa izan zela: 33,4 milio euro jaso zituen. Geroztik lau urte igaro dira, eta zirkuituaren mantentze lanak urtean milioi bat euroko defizita eragiten du. Iazko udazkenean, gobernuak Los Arcos Motorsport enpresari adjudikatu zion zirkuituaren kudeaketa, eta bost urterako alokairu kontratua izenpetu zuen, bost urtean 1,3 milioi euro pagatzeko. Alta, enpresa horretako akziodun batek, Always Sport enpresak, Los Arcos Motorsport utzi nahi du orain, zirkuituaren erabaki ahalmenetatik kanpo utzi dutela argudiatuta. Atzo horri buruz ere galdetu zioten Sanchez de Muniani. Garrantzia kendu zion: «NICDOrekin egindako kontratuarekiko irizpideek bere horretan segitzen dute»

Hara datuen mingotsa. Sei milioi euroko egitasmo pribatua izango zena hamar aldiz gehiago kostatu zen bi urteren buruan, eta arlo publikoak irentsi zuen. Eta ez du aberastasunik ekarri. Zirkuitua bera defizitarioa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.