Anne Kayanakis Baionako prokuradoreak baieztatu egin du: iragan ostiralean Baionako etxebizitza batean zendu zen Sophie Loudette haren bikotekideak hil zuen, eta ondoren bere buruaz beste egin zuen gizonezkoak. Prokuradoreak orain arteko hipotesi nagusia berretsi du horrela, emakumearen gorpuari atzo egindako autopsiaren ondoren. Ez ditu gizonezkoaren inguruko datu gehiegi eman, baina genero indarkeriagatiko aurrekariak zituela azaldu du. Aurten Euskal Herrian genero bortxaren ondorioz hil duten bosgarren emakumea da Loudette.
Ostiral goizean aurkitu zituzten bikotearen hilotzak Baionako Santespiritu auzoan. Loudette sendagilea zen Baionako eta Bordeleko bi erietxetan, eta ostiralean ez zen lanera joan. Arrazoiak argitzeko, arduradunek familiari deitu zioten. Susmo txarrak hartuta, poliziak jarri zituzten jakinaren gainean, eta haiek etxebizitza barruko aldetik itxita aurkitu zuten bertaratu zirenean; barruan gorpuak topatu zituzten.
Autopsiak argitu duenez, gizonezkoak poltsikoko laban bat erabili zuen, hilketaren lekuan aurkitu zutena. Emakumeari sastada bakar bat eman zion, eztarrian, heriotza eragin ziona. Bizkarrean ere kolpe bat eman zion. Gizonezkoak, halaber, bihotzaren inguruan hainbat zauri zituen, laban berberak eragindakoak.
Horrenbestez, bikotearen artean eztabaida bat izan zela ondorioztatu dute ikertzaileek. Sendiak eta bizilagunek ere aukera hori posible izan zitekeela adierazi zuten hasieratik. Kayanakisen esanetan, banatzeari buruzko liskarra izan ondoren hil zuen gizonak Loudette, eta segidan bere buruaz beste egin zuen.
Prokuradorearen arabera, ez dago zalantzarik: «Gertaeren kronologia oso argia da, eta emakumea hil zuena bikotekidea izan zela ere guztiz baieztatu dugu». Ondorioz, kasua ez dutela auzitegietara eramango adierazi du, hiltzailea hilik dagoelako.
Hiru hilabetez kartzelan
Prokuradoreak ez du gizonaren inguruko informazio gehiegi eman, eta izena ere ez du aipatu. Dena den, 48 urteko gizonezkoa Paris ingurukoa zela jakinarazi du. Aurrekariak zituen genero indarkeria kasu batengatik: bikotekide ohia eta haren gurasoak jo zituen, eta hiru hilabeteko kartzela zigorra bete zuen 2007an.
Nolanahi ere, prokuradoreak nabarmendu duenez, hilketa ez zuen aurretiaz pentsatu. «Eztabaida izan zuten, ziurrenik bien arteko banaketari buruzkoa, eta, adostasunik lortu ez zutenez, unean bertan emakumea hil zuen», azaldu du. Gertaera ostiralean, 04:00ak eta 09:00ak bitartean, izan zela ondorioztatu dute autopsia egin duten sendagileek.
Loudette bikotekideak hil zuela baieztatu du autopsiak
Gizonak aurrekariak zituen bikotekide ohia eta haren gurasoak jotzeagatik; aurtengo bosgarren biktima da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu