2016ko abenduan ETAren armategiaren parte bat Luhusoko (Lapurdi) Errekarte baserrian erabilerarik kanpo uzten saiatzeagatik, auzipetuta daude Jean Noel Etxeberri Txetx Biziko koordinatzailea, Beatrice Molle-Haran kazetaria, Mixel Berhokoirigoin laboraria eta Stephane Etxegarai Etxe musikari eta bideogilea —Mixel Bergouignan enpresaria ere bazegoen, baina iazko maiatzean hil zen—.
Epaileak libre utzi zituen orduan, baina badaezpadako neurri batzuk ezarri zizkien auzipetuei; tartean, Frantziako Estatutik irtetea eta gainerako auzipetuekin elkartzea galarazi zien. Eitb-k zabaldu duenez, epaileak kendu egin die orain indarrean zegoen azken baldintza; beste auzipetuekin elkartzearena. Frantziako Estatutik ez irtetekoa martxoan kendu zien. Erabaki horren kontra azaldu da prokuradorea.
BERRIAk joan den apirilean elkarrizketatu zuen Etxeberri. Orduan, azaldu zuen Luhusokoaz geroztik ez zutela epailearen aitzinean deklaratu, nahiz eta galdegin zuten. "Normalki, inputatu ondotik hilabete batzuetara egoten zara epailearen aitzinean, baina gu oraindik ez gaituzte deitu". Eskatua zuten auzipetuak elkartzeko debekua kentzea: "Erantzuten digute lehenik entzun egin nahi gaituztela".
2011ko urrian jarduera armatua behin betiko uzteko erabakia jakinarazi zuenetik, ETAk eginak zituen armagabetzeko saioak, baina 2016ko abendukoak azkartu zuen prozesua. Handik lau hilabetera heldu zen armagabetzea, 2017ko apirilean.