Luis Sos: "Jarrera aldatuko dutela espero dut; bestela, gure amaiera da"

Artaxoan, txerri ganadutegien pixorren tratamendurako planta geldi dago martxoaren 15etik. Espainiako Gobernuaren asmoek nabarmen eragingo dietela ohartarazi du Sosek, eta azaldu du abeltzainei beharrezko zerbitzua eskaini ohi dietela.

joxerra senar
2014ko apirilaren 12a
12:28
Entzun

Hilabete daramate geldi. Artaxoan Ecoenergia Navarrak eta Sodena sozietate publikoak txerrien pixorren tratamendurako lantokia jarri zuten 2005ean, eta 2010ean Neoelectrak erosi zuen. Urte luzez funtzionatu ostean, produkzioa eten zuen martxoaren 15ean. Bezperan, CNMC Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzordearen oharra jaso zuten: urtarrileko argindar ekoizpenaren ordainsaritik %25 baino ez dute jasoko. Pixorren tratamendua egiteko kogenerazio bidez funtzionatzen dute, eta iazko murrizketak gehi Espainiako Gobernuaren neurriek bete-betean eragingo diela azaldu du Luis Sosek, Neoelectrako ordezkariak.

Noiztik ari zaizue eragiten ziurgabetasun egoera?

Uztailean hasi ginen entzuten erreforma energetikoak teknologia ugariri eragingo ziola eta argindarra ekoizten zuen orori eragingo ziola. Geroztik, stand by egoeran gaude, ez atzera ez aurrera. Oporretara joan ginen, legearen tramitazioa luzatzen joan zen, eta azkenik abenduan atera zen.

Otsailean lege horren garapena proposatu zuen Industria Ministerioak. Nola hartu duzue?

Zain geunden, eta bat-batean etorri zen agindua. Azterketa oso konplexua da, baina teknologia bakoitzaren kostuak kalkulatu dituzte, arrazoizko irabazi batera iristeko eta hortik aurrera bakoitzari prezio bat ezartzeko. Horrek mundu guztia asaldatu du.

Kogenerazioari nola eragin dio?

Gu zerbait berezia gara. Kogenerazioa oro har oso gaizki tratatu du gobernuak. Beroaren energia erabil dezaketen industriei lotuta dago, eta energia eraginkortasuna lortzen laguntzen die. Kolpe latza eman diote. Iaztik ere gas naturalari, kogenerazioaren lehengaiari, zergak ezarri dizkiotelako. Gobernuak ordainsariak %40 murriztea proposatu du. Teknologia bakoitzak gobernuaren atean jo du, eta bere azterketak aurkeztu. Gobernua ikusten ari da uste baino handiagoa dela eragina. Kogenerazioan, adibidez, 900 milioikoa.

Pixorrak tratamendu berezia duela esan duzu. Zergatik?

Bereziak gara. Industrian prozesua hasten da gasaren bidez funtzionatzen duen motor batekin, eta ziklo termodinamikoen bidez bero hori baliatu egiten du ekoizpenerako. Gurea industriaren mugan dago. Gure funtzioa zatikaezina da, elkarlotuta dagoelako pixorren tratamenduarekin. Guztia bat da, eta horregatik ordainsarian dena ordaintzen da, hala argindar ekoizpena nola pixorren garbiketa. Pixorrei ura ateratzen diegu, eta erabat aseptiko utzi ongarri organikorako.

Argindar ekoizpenagatik jasotako sariok laguntza bat dira?

Ez. Jendeak zalantza dauka, baina ez dira diru laguntzak. Argindarra ekoizten dugu, eta sarera igortzen, eta horrek prezio bat du.

Gobernuak ez du behin betiko erabakirik hartu. Segurtasun falta juridikoa eragiten dizue?

Bai. Egia dena da prezio batzuk genituela eta inbertsioak epe arautu bat zuela. Behin epe hori amaituta, aukera zenuen beste inbertsio bat egiteko eta motor eraginkorragoak jartzeko, hobetzeko asmoz. Kogenerazioan hamabost urtekoa da epe hori.

Nola eragingo die zuen produkzio etenak txerri ganadutegiei?

Artaxoan txerri ganadutegi asko daude; asko handitzen ari den sektorea da, aukera handikoa. Euren jardueran lagunduko dieten prozesuak behar dituzte. Nola eragingo duen? Oraindik ez dute arazoaren dimentsioa ikusi. 2005etik gaude hemen, eta elkarbizitzen jakin dugu abeltzainek zein guk. 

Kexarik jaso duzue?

Oraindik ez da arazorik ikusten. Abeltzainak saiatuko dira erabiltzen pixorrak laborantzan, baina beti esan ohi dut modu egokian banatu behar dela lurrean. Izan ere, agente patogenoak daude, eta mundu guztia ez dago hori egiteko prest. Guk lan hori ziurtatzen dugu. Oraingoz ez da arazorik sortu, baina gerta daiteke. Politikarien kontzientziazioaren arabera izango da. Presio soziala ailegatuko da. Lleidan denbora gehiago daramate geldirik, eta jada hasi dira abeltzainei lehen salaketak jartzen Sepronaren bidez. Abeltzain batzuek martxoaren 22ko protestetan Madrilera joan nahi zuten, eta ministerioaren aurrean pixorrak banatu. Badakite ezin dutela horrela jarraitu, bestela presio sozialak aurrean eramango dituelako. Herritarrek ez dute Soria ministroak ordainsari horiek kendu izanaren errurik.

Noiz itzuliko zarete lanera?

Pertsona baikorra naiz. Espero dut gobernuak jarrera aldatuko duela; bestela, gure amaiera izango da. Legegileak hordagoa bota ohi du, zorua non dagoen ikusteko. Ez dakit zein den zorua.

Zuen etena presio egiteko da?

Bai, baina gainera egoera jada eragiten ari zaigu. CNMCk ordainketak gerarazi dizkigu, eta ez gara etorkizunaz mintzo. Gaur jada CNMCk joko arauak aldatu dizkigu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.