Garapen Kontseiluaren eta Hautetsien Kontseiluaren deliberoaren ondotik, Batera mugimenduak bultzaturik Baionako jardunaldietan parte hartu duten gizarte eragileek eta herritarrek ere argi berretsi dute Ipar Euskal Herriko lurralde elkargoa sortzearen beharra, eta Parisko gobernuari eskatu diote abian ezar dezala, 2015eko hauteskundeen ondorioz bertako biltzarra osatu ahal izateko. Jardunaldietatik jalgi den testuak argi eskatzen du, erabaki politikoaz gain, herritarrek berretsi beharko dutela, galdeketaren bidez.
Historia hitzak eragiten duen zama saihestu nahirik, Ipar Euskal Herria une garrantzitsu batean dela erran zuen Mixel Berhokoirigoin Laborantza Ganberako presidente eta jardunaldietako antolatzaileak Baionako Merkataritza eta Industria Ganberaren egoitzan bildutakoei egin zieten ongietorrian. Luze eta oker litzateke bildutakoak zerrendatzea zehatz-mehatz, ehunka izan baitziren aretoa mukuru bete zuten eragileak. Biltzarrean bildutakoen «kolore aniztasuna» adierazteko balio du, hala ere, zenbait izen aipatzeak, hala nola Jakes Bortairu, Frederique Espagnac eta Sylviane Alaux parlamentari sozialistak, Frantxua Maitia eta Michel Veunac kontseilari nagusiak, Jean Rene Etxegarai, Mixel Larralde (CFDTko arduraduna), Eñaut Aramendi (LAB), Jean Noel Etxeberri Txetx, Xabi Larralde, Anita Lopepe, Martine Bisauta, Filipe Bidart, Andre Garreta (MIGeko presidentea), Paxkal Indo, Beñat Oihartzabal eta Hur Apalategi. Ezkerretik eskuinera, sentsibilitate abertzale oro barne. Lurralde elkargoaren aldarria sustraitua dagoen edo ez zalantza zuenak aski du bertan bildutako argazkia ikustea eta ondotik aho batez onartu zen adierazpena irakurtzea, unearen garrantziaz ohartzeko.
«Duela urte gutxi ezinezkoa zatekeen pentsatzea Seaskako lehendakaria eta UMPko burua bil zitezkeenik lurralde elkargoaren bideragarritasuna aztertzen duen lantalde bat kudeatzen», azaldu zuen Indo Seaskako lehendakariak. Eta ildo horretan hartu zuten hitza bertan bildutako guztiek.
Lehenik eta behin, Batera mugimenduaren ibilbidea erakusten zuen bideoa eman zuten, hamar urteko borrokaren lekuko. Euskararen koofizialtasuna, berezko unibertsitatea, Ipar Euskal Herriko Laborantza Ganbera eta euskal departamendua izan ziren ardatz. Frantziaren lurralde erreformaren ondorioz, Pays egitura desagertu, departamendua zalantzan jarri eta egitura berriak sortzeko aukera dago. Hori dela eta, nabarmendu zuen Juliette Bergouignanek, naturaltasunez nagusitu da lurralde elkargoaren aldeko erabakia.
Jardunaldien adierazpenean biltzen diren oharretan, Frantziako lurralde erreformarekin batera, erreferentzia egiten zaio Euskal Herrian abiatu den bake prozesuari. «Indar metaketen fase honetan, aitortza instituzionalarekin batera gatazkaren konponbide integrala lortu behar dugu», erran zuen Jean Francois Lefort Lof-ek.
Haziz eta elikatuz
Atzoko argazkiak aho batez harturiko proposamena eskaini zuen, eta mugimendua hazi eta gizarte eragileen indarrez elikatu behar dela nabarmendu. Horrela, Andre Garreta MIGeko presidenteak jakinarazi zuen urriaren 5ean eztabaidatuko dutela izenpetzea; aldeko jarrera zuela iragarri zuen. Enpresaburuen ondoan, Ipar Euskal Herria negoziazio kolektiborako eremua bihur dadila eskatu zuen LABek. CFDT sindikatuak ere bat egin zuen lurralde elkargoaren xedearekin, Jean-Baptiste Etxeto Garapen Kontseiluko presidenteak bezala.
Mugimendu bat abiatu da. Hautetsien Kontseiluak ondoko asteotan eramanen du proposamena Parisera. Baina, horrekin batera, gizarte eragileen engaiamendua egonen da. Ipar Euskal Herriak ez du baikor izateko arrazoirik ukan, orain artean Frantziak sistematikoki ukatu dizkiolako aldarriak oro. Baina oraingoan elementu berriak daudela, aro berri bat ireki dela nabarmendu zuten. Frantziaren erreformari hautetsien adostasuna gehitzen zaio, gizarte eragileen sostengua. Azken horiek gizartearen protagonismoa ez baztertzeko eskatu dute, herritarrak galdekatzea beharrezkoa dela ohartaraziz.
Baldintza horietan nekez ulertuko luke Ipar Euskal Herriak Frantziak ez hartzea aintzat eskaria. «Lurralde erreforman berrantolaketa burutzea eta Euskal Herria salbuespena izatea, baztertzea, ez litzateke ulergarri», erran zuen Bergouignanek. Kolore guztietako hautetsi anitzen iritzia.
Lurralde elkargoa 2015erako abian ezartzeko eskatu dute Baionan
Baionan antolatu jardunaldietan, gizarte eragileek aho batez onartu dute Ipar Euskal Herriko lurralde elkargoaren aldarriaOnartu duten proposamena Parisera igorriko dute, herritarren nahia adierazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu