Garapen Kontseiluak dio Ipar Euskal Herriarentzat estatutu berezia lukeen lurralde elkargoa dela gobernantza tresnarik «egokiena». Lurralde erreformak Pays egitura desagerrarazten duenez, Lapurdirentzat, Nafarroa Beherearentzat eta Zuberoarentzat gaur egun den egituraketa «eskasegia» dela dio elkarteak.Lurralde elkargoaren hautua egin dute, «geroan izanen diren erronkei aurre egiteko» antolaketa «ona» delako.
Horren berri eman zuen atzo Jean Baptiste Etxeto Garapen Kontseiluko presidenteak, Baionan egin prentsaurrekoan. Ondoan izan zituen Battitta Boloki egituraren zuzendaria, Virginie Brillant presidenteordea eta Caroline Phillips eta Pierre Mendiburu elkarteko kideak. «Erraldoi baten pausoa da, baina memento berean etapa bat besterik ez da», esan zuen Etxetok. Hain zuzen, «iritzi bat bakarrik» dela errepikatu zuen behin baino gehiagotan. Hobespen hori «kontuan hartzeko» eskatu zioten Hautetsien Kontseiluari. Azken horrek bere iritzia adostuko du maiatzaren lehen hamabostaldian eginen duen biltzar nagusian.
Garapen Kontseiluaren bidez gaur egun dagoen eragile sozial, ekonomiko eta kulturalen parte hartzea geroan ere mantentzearen «garrantzia» azpimarratu zuten. Bestalde, Hautetsien Kontseiluak elkarte ez baizik egitura publiko izan beharko duela ere azaldu zuten, «horrela politika publikoak finkatu eta ahalmenak kudeatu ahal izateko». Lurralde elkargoaren mamiaz ez zuten bestelako zehaztasunik eman: «Guk bide bat proposatu dugu; orain, horren mamia zehaztu beharko da», Bolokiren hitzetan.
Paraleloki, estatuarekin, eskualdearekin eta departamenduarekin izenpetu Euskal Herria 2020 lurralde hitzarmena datorren urtean bukatuko denez, ondokoari buruzkogogoeta ere egin behar dela nabarmendu zuten.
Proposamena, udazkenerako
«Lan askoz teknikoago bat hasiko da orain», adierazi zuen Brillantek. Hautetsien Kontseiluak iritzia adostu, eta egituraketa proposamen bat lantzen hasiko dira. Frantziako Senatuak abiatu tokiko demokraziari buruzko mintegiaren kariaz, eskualdeetako topaketak antolatuko dira udazkenean, eta ordurako nahi dute proposamena adostu.
Lurralde elkargoa hobetsi du Garapen Kontseiluak
Hautetsien Kontseiluak maiatzean jakinaraziko du bere iritzia, eta proposamen bat landuko dute ondotik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu