Lurralde Elkargoaren oinarria ezarri dute Ipar Euskal Herriko hautetsiek

Ipar Euskal Herriko diputatu eta senatari guztiek bat egin dute aldarriarekin, banaketak alde batera utzita

Ipar Euskal Herriko hautetsiak, atzo, Baionan, lurralde egiturari buruz egin zuten mintegian. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriak eskumen bereziak ukanen dituen Lurralde Elkargoa eskatu du, ozenki. Joan den irailaren 6an Hautetsien Kontseiluan «esperimentazio» xedeak eskatu zituzten diputatu eta kontseilari nagusi sozialistek gibelera egin dute, aldarri bateratuaren indarraren parean. Atzo, Ipar Euskal Herriko auzapez eta kontseilari, Garapen Kontseiluko kide eta gizarte zibileko ordezkarien aitzinean, Colette Capdevielle diputatu sozialistak eta Christine Aragon kontseilari nagusiak beren zuzenketa kendu zuten.

Ahots bakarrarekin mintzatzeko tenorea zen, eta, Parisek eskatu zuen bezala, aldarri argia entzun zen atzoko bilkuran. Jean Jacques Lasserre senatari zentristak, Frederique Espagnac senatari sozialistak (Biarno), Colette Capdevielle eta Sylviane Allaux diputatu sozialistek eta Jean Lassalle Biarnoko eta Ipar Euskal Herri barnealdeko diputatu zentristak aldarri zehatza egin dute: Ipar Euskal Herriko Lurralde Elkargoa. Ondoan, kontseilari nagusiek eta Akitaniakoak. Baita auzapez eta kontseilariek ere.

Pays egiturarekin segitu nahi duten ahotsak ere entzun ziren. Horien artean, Jean Espilondo Angeluko auzapez sozialista. Baina amore eman behar izan zuten. Martine Bisauta Baionako auzapezorde eta Batera-ko kideak argi erantzun zion. «Herri Elkargoaren eskaria gizarte zibilak eta eragileek urte luzeetan egindako lanaren emaitza da, eta horrenbertze maite duzun Pays horren aldeko egituretan gutxitan ikusi zaitugu lanean».

Batzuetan, irudiak izaten dira hitzak baino adierazgarriagoak: Bilkura bukatu gabe artean, gelaren gibeleko aldean elkarrekin mintzatzen ari ziren Batera-ko kide nabarmen batzuk, abertzaleak, senatari sozialistak eta hautetsiak.

Sylviane Alaux diputatu sozialistak erran zuen prekarietatea bukatu behar dela. «Indarkeriaren aitzakia bukatu da, instituzioaren aldarria zuzenean dago loturik bake prozesuari, eta hori argi adierazi behar dugu, Euskal Herritik kanpo ere uler dezaten».Bost urtez behin berretsi behar diren egiturak zaharkiturik gelditu direla erran zuen, eta gogoratu Euskal Departamenduaren aldeko aldarria urrunetik datorrela. Berezitasunak bultzaturiko egitura ezegonkorrak alde batera utzi eta Lurralde Elkargoa plantan ezartzeko tenorea dela erran zuen. «Euskal Herriak lortu du heldutasunera iristea».

Eskuz esku

Biarnoko diputatu zentrista Lassallek ere zalantzak baztertu zituen: «Argi erran nuen hauteskunde kanpainan Lurralde Elkargoa sostengatzen nuela, eta orain, hautetsia izanik, prest nago gainerateko diputatu eta senatariekin lan egiteko, Parisek entzun dezan Euskal Herriaren aldarria».

Peio Etxeberri Aintzart ABko kideak azpimarratu zuen prozesu guztietan une garrantzitsuak daudela, eta atzokoa horrelako une bat zela, historikoa. Ez erakunde hori sortzea lortu delako, baizik eta Ipar Euskal Herriak ahots batez mintzatzea lortu duelako. «Gizarte zibilaren, eragileen eta hautetsien eskaria argia da, bakarra; Parisek ez du argudiorik uko egiten segitzeko». Erran zuen gizartearen nahia ezin dela ezagutu badio Frantziak erreferenduma dela hori jakiteko bidea.

Eskaera ozen eta bateratua osatu da. Orain, Frantziak erantzun beharko dio horri. Baionako suprefeta bilkuran zen, eta estatuaren izenean hartu behar zuen hitza. Alta, egiazko ebazpena ez da suprefeta baten eskutik jinen, Paristik baizik. Oraingoan François Hollande Frantziako presidenteak eskari bateratua du aitzinean, abertzaleetatik UMPraino, alderdi guztiak barne.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.