Lurralde Elkargoaren proiektuaren oinarria aurkeztu zuen Batera plataformak Baionan, atzo. Panpi Durrasar Ezpeletako hautetsiak zehaztu zuenez, Bateraren proposamena «eztabaidarako lan tresna» izan dadin nahi dute. «Iazko apirilean aurkeztu genuen plangintzaren lehen urratsa da. Honekin, oztopo eta traba guzien gainetik, Ipar Euskal Herriko eragileen artean eztabaida zabal eta ireki bat piztea dugu helburu», azaldu du Durrasarrek. Proposamena hemengo errealitateari egokitu bazaio ere korsikar ereduak aunitz inspiratu dituztela azaldu dute sustatzaileek. Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak Balladur komisioari helarazitako txostenean agertzen ziren hipotesietatik bat zen jada Korsikako Estatutuaren egokitzea.
Batera-ko lan motorrak idatzi du atzo aurkeztutako proiektuaren oinarria, eta biltzar nagusi baten bitartez baieztatu dute plataformako kideek. Guztia «testuinguru berezi» batean egin dela gogorarazi dute. Haien ustetan, 2010eko martxoan 95 herritan egin zen herri kontsultan lortutako emaitzek sinesgarritasuna eman diote gaiari, eta lurralde erreformak guzia «katalizatu» du.
Proiektuaren oinarri bat bada ere, antolaketa aldetik proposamen zehatzak egin dituzte. Horien artean atalik garrantzitsuena organo erabakitzailearena da. 41 kontseilarik osaturiko batzar batek osatuko du. Hauteskundeen bidez Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako biztanleek hautatuko lituzkete, parekidetasuna errespetatuz eta modu proportzionalean, Nikolas Blain Makear hautetsiaren hitzetan, «joera politiko guziak ordezkatuak izan daitezen». Batzar horretako 41 kide horiez gain, lurralde bakoitzak derrigorrez bederatzi ordezkari izango ditu. Era berean, Frantziako Estatuaren ordezkariak batzarraren jarduerari buruzko txosten bat bidali beharko dio urtero Frantziako Parlamentuari, eta urtean behin haren presentziarekin batzar bat eginen da.
Eskumenei dagokienez, Blainek honako hau azaldu du: «Lehendabizi koadroa eskatu behar da, eta ondoren ikusiko dugu zer ematen dugun barnean». Hein batean eztabaidatzekoak badira ere, eskumen horiek definitzen hasiak direla adierazi du. Horien artean, euskararen sustapena, hezkuntza, lurraldearen antolaketa eta mugaz gaindiko harremanen kudeaketa egongo lirateke.
Fiskalitateari dagokionez, eztabaidarako proposamenik ez dela egin adierazi dute. «Puntu hori lantzekoa da, zenbaki errealekin eta lurralde elkargoetan espezializatuak diren legelariekin», azaldu dute. Azpimarratzekoa da eskumen mailan fiskalitatea dela autonomiaren eta lurralde elkargoaren arteko ezberdintasunik nabarmenena.
Lurralde erreforma
Batera-k argi du «oraindik iluna den lurralde erreformak» ekarriko dituela aldaketak. Martin Bisauta Baionako hautetsiaren hitzetan, 2013an lurralde kontratua bukatuko denean nehork ez daki zer pasako den. «Gure iritziz, dugun gutxia galduko dugu, eta ez dugu sinisten Parisen Jean Greneteri gure egituraketa espezializatua mantenduko dela erraten zaionean». Kezka honek, diskrezio maila ezberdinekin bada ere, bazterrak inarrosten ditu, Bidasautaren iduriko. «Horren testigu dugu Garapen Kontseiluko azken biltzar nagusia eta joan den astean Jean Grenet diputatuak parlamentuan eginiko galdera».
Lurralde Elkargoaren proiektuaren oinarria aurkeztu du Batera-k
Eztabaida pizteko xedea duen lan tresna dela zehaztu du Panpi Durrasar Ezpeletako hautetsiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu