Lurralde proiektuari ekarpena egin nahian

Euskal Elkargoaren proiektu komunitarioari buruz hausnartu eta ekarpenak egiteko foroa antolatu berri du Garapen Kontseiluak. Tailerren jardunetik ateratako txostena aurkeztuko dute udaberrian

Euskal Herriko Garapen Kontseiluaren foroko tailer bat, herenegun, Baionan. BOB EDME.
Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2018ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
«Gizarte zibilaren, hautetsien, eta Euskal Hirigunearen arteko lotura izan nahi dugu». Horrela definitu du Caroline Phillips Euskal Herriko Garapen Kontseiluko lehendakariak, Euskal Hirigune Elkargoari begira duten anbizioa. Gizarte zibileko ordezkariekin eta hautetsiekin foroa antolatu dute horretarako, eta 250 pertsona batu dira asteazkenean, Baionan. Zortzi tailerren bidez, Ipar Euskal Herriko lurraldeaz eta gizarteaz EHGKak duen ikuspuntua ematea izan da foroaren helburua, Euskal Hirigune Elkargoak urte bukaera baino lehen aurkeztuko duen proiektu politikoan integratzeko. Horren idazketan ere parte hartzen dute auzapezen biltzarrak eta bi aditu kabinetek.

Lurralde erakargarria

Biztanle berriei harrera izenburua zuen tailerretako batek, eta datozen urteei begira EHGKren arrangura nagusi bezala agertu da gaia. Datu demografikoak oinarri arrazoiak ez dira falta gaiaz galdezkatzeko. Hala nola, hiru urtero 10.000 biztanle berri datoz Ipar Euskal Herrira bizitzera. Urtero 11.000 izaten dira Lapurdin, Nafarro Beherean eta Zuberoan bizitzera heltzen direnak, eta 7.000 joaten direnak. Helduberrien erdia Baionan, Angelun (Lapurdi) eta Miarritzen (Lapurdi) instalatzen da. «Herri erakargarria dugu ekonomikoki, sozialki, kulturalki, eta hori erabaki gune zentraletik urrun garela. Orain, ezin diogu besteari egotzi Euskal Herria zer den ez jakitea, ez badiogu azaltzen», nabarmendu du Phillipsek.

Problematikari soluziobideak aurkitzen saiatu da tailerretako bat. Lehentasuna, gizabanakoan zentratzea dela azpimarratu du taldearen izenean lehendakariak: «Bertakoa eta kanpotarra elkarrengana hurbildu behar dira, biek eskubideak eta betebeharrak dituzte, baina galdera da nola mobilizatuko dugun populazio horretara». Hiru proposamen egin dituzte horretarako: Ipar Euskal Herrira bizitzera etorri direnek errezibitu duten harrera ebaluatzea, lurraldearen inguruko mezu positiboak hedatzea, eta euskara erabiltzen duten sareak erabiltzea kanpokoen integraziorako.

Egikaritzea

Garapen Kontseiluak elkargoarekiko aholkularitza funtzio izango duela erabaki zuten hautetsiek urtarrilaren 13an. Ekin ahal izateko bere estatutuak aldatu ditu elkarteak: «Hemendik goiti ez dugu gehiago biltzar nagusirik izanen, estatutu guztiak aldatu ditugu, gaur egun presente ez diren sektore guztiengana ireki nahi dugu», azaldu dio BERRIAri Philippe Arretz egituraren zuzendariak. Aspaldiko tresna dela deritzo, eta berritzea ezinbestekoa dutela: «Gazteak, trantsizio ekologikoa, ekonomia sozial eta solidarioa... hainbat gai ez ziren presente egituran». Egoera konpontzeko elkartearen biltzar nagusia mugagabea izatea negoziatu dute elkargoarekin, ordezkaritza ahalik eta zabalena lortzea helburu.

Proiektu politikoaren idazketa lanetan laguntzen du ACADIE aditu kabineteko kide Philippe Estebek. Euskal Hirigune Elkargoak zein Garapen Kontseiluak izango dituzten erronkez aritu da ekitaldi bukaeran. «Trantsizio bat da, eta egoeraren araberako gaitasuna ukan beharko da. Elkargoaren sorrerak joko zelai berri bat definitu du, eta lokala lurraldearekin artikulatu beharko da». Ipar Euskal Herriko gizarte zibila gaitasunetan dela azpimarratu du; abisu bat emanez, ordea: «Instituzio gehiegik iniziatiba gaitasun guztiak deuseztatzen ditu, instituzioaren toxikomanoak bihurtzeko arriskua bada, forma berriak asmatu behar dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.