Lur kutsatuen kopurua zenbatekoa den neurtzeko, estimazio bat egin du Jaurlaritzak. «Kalkulatzen da Euskal Autonomia Erkidegoko 1.279 eta 3.120 hektarea lur artean daudela kutsatuta, alegia, lur guztien %2,7 eta 6,5 artean».
Lur kutsatu gehienak Bilboaldean (%32,5), Donostialdean (%30) eta Araba erdialdean (%13) daude. Normalean, industriaren jarduerarekin oso lotuta daude. Horiez gain, zabortegien garrantzia ere azpimarratu du Jaurlaritzaren planak. Lurretan aurkitutako ohiko kutsagarriak metalak, zianuroak, olio minerala, osagarri organiko, hidrokarburoak, disolbatzaile kloratuak, PCBak, fenoleak eta pestizidak dira, besteak beste.
Ingurumen Sailaren iturriek BERRIAri adierazi diotenez, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian dagoen kutsadura kopurua Europako beste lekuetan dagoenaren heinekoa da, batez ere, Euskal Herriaren kasuan legez, iragan industrial aspaldikoa badute. «Benetako kutsadura maila lurzoruen inbentarioa egiterako orduan zorroztasun gutxiena jartzen duten Europako herrialdeen parekoa dugu», adierazi du Ingurumen Sailak.
Atzo amaitu zen planari zuzenketak eta ekarpenak egiteko epea, eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak aitortu du parte-hartze handia izan dela,«bai administrazio publikoen aldetik, eta baita sektore pribatuaren aldetik ere». Jaurlaritza ziur da ekarpen horietako asko aintzat hartuko dituztela, eta planaren proposamena hobetzen lagunduko dutela.
Plana 2002-2020 garapen iraunkorrerako EAEko Estrategiaren harira dator, 2002-2006 Ingurumen Programan hartutako konpromisoei erantzunez. Gainera, 2005eko Lor zoruaren Legeak agindu du halako plan bat, kutsadurari aurre egiteko neurri gisa.
Planak onartu du lurraren kutsadurak ondorio oso kaltegarriak dituela gizakien osasunean, ekosisteman eta ekonomian. Gizakien osasunean izan dezakeen arriskua aztertu den lurren kasuan,%45etan ondorioztatu dute ondorio onartezinak dituela. Planak dio 4.247 hektareatan gizakienosasunarentzat arriskua egon daitekeela. Hala, Jaurlaritzak onetsi du lurzoruaren kutsadurak 1.809 milioi euroko kostua duela, baina onartzen du handiagoa dela kostu hori,kopuru horrek ez baititu kontuan hartzen gizakien osasunean eta ekosisteman eragiten dituen kalteak.
Planak lau helburu ditu: Batetik, lurren kutsadurari aurre egitea, zerikusirik izan dezaketen eragile guztiak informatuz eta motibatuz, «jokaera iraunkorragoak» har ditzaten. Bestetik, baldintza egokiak sortzea kutsatuta dauden lurrak berreskuratzeko, horretarako behar diren tresna ekonomiko, tekniko eta legalak baliatuz. Hirugarrenik, lur kutsatuak berrerabiltzea bultzatu nahi dute, ukitu gabe dauden lurrak baino lehen berrerabiliz. Eta, azkenik, merkatuak esku hartzerik aurreikusten ez den lur kutsatuak balioztatzea.
Horretarako, hiru programa martxan jartzeko asmoa du Jaurlaritzak: Ezagutu, Eragin eta Ekin. Ezagutu programaren bidez, gaiari buruzko ezagutza kudeatuko dute. Lurzoruen kalitateari buruzko informazioa lortu eta eguneratuko dute, esaterako. Ezagutza zientifiko-teknikoa bultzatuko dute, eta informazio, formazio eta sentsibilizazio kanpainak abiatuko dituzte. Eragin programak araudia hobetu eta politikak integratuko ditu. Ekin programaren bidez, planaren lau helburu nagusiak lortzeko ekintza guztiak bideratuko ditu.
Eusko Jaurlaritzak aurreikusten du 25,55 milioi euro beharko dituela hiru programak garatzeko. Une honetan, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko 5.900 enpresa ari dira aztertzen, lurzoru kutsatuen inguruko azterketa eta datuak eguneratzeko. Izan ere, orain arte azterketetan darabiltzaten datuak 1998koak baitira.
Nafarroako mila enpresa aztertzen ari dira
Espainiako 9/2005 Errege Dekretuak agintzenduen azterketaari da egiten Nafarroako GobernuaI. Petxarroman / A, Renteria
Donostia / Baiona
Nafarroan ez dago lur zoru kutsatuei buruzko ez legerik, ezazterlan zehatzik. Alabaina, une honetan 1.200 enpresa baino gehiagoren kasua aztertzen ari dira, Espainiako 9/2005 Errege Dekretuak erkidego autonomoei agintzen duenari jarraiki. Nafarroako Ingurumen Sailak 1.200 enpresa baino gehiagori txostena eskatu bazion ere, epea amaitu delarik, 1.000enpresak baino ez du txostenik igorri Gobernura. Ingurumen Saileko gabineteburu Gonzalo Garciak adierazi duenez, orain, 1.000 enpresa horien kasua aztertzen ari dira, eta hilabete batzuk barru txosten batean bildu ahal izango dute informazio hori guztia.
Enpresek hainbat galderari erantzun behar izan diote, besteak beste, ea gai arriskutsu eta kutsagarriekin lan egiten duten, edo zer nolako hondakin isurtzen dituzten. Ingurumen Sailak, egokitzat joko balu, enpresa bakoitzaren azterketa zehatzagoa egin lezake. Ondoren erabakiko dute zein diren kutsatutzat jotzen direnak.
BAIONAKO LOHIAK. Bestalde, Baionako Grenet zubiaren ondoan euri urak atxikitzeko urtegia egiten hasi direlarik lur kutsatuak agertu dira. 1995an inguramenaren alde diharduen CADE taldeko ordezkariak Frantziako gas konpainiako buruekin solastatu ziren. Grenet zubiaren ondoko kasua salatu zuten. Gas konpainiak kutsadura kentzeko lanak egin zituen orduan: 1.462 tona lur kutsatu eta urarekin nahasitako 10 tona hidrokarburo. Bertze 4.975 Herbeheretara eraman behar izan zituzten garbitzera. Hala ere, urtegia egiteko lanak abiatu bezain laster, lur geruza bat kutsaturik agertu da. Lehen geruza hori ikertzeko xedea du Baionako Herriko Etxeak eta ondoren estalki bat jarri.
Ibaiaren bertze aldean, Bokaleko bidean, Reno izeneko ongarri lantegiaren egoitzan garai bateko lur kutsatuak atxikitzen dituzte oraindik. CADEkusu salatu du ez dagoela zainketa berezirik eta lur erradioaktiboak egon arren bertan, jendea sar daitekeela.
Bardozen (Lapurdi) lohien tratamendurako lantegi bat egin zuten duela lau urte inguru. Herritarrek anitzetan salatu dute, lurren kutsadura guztia ez duelakoan kentzen.
Zenbakia
1,24
Lurren artifizialtzea. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, egunero 1,24 hektarea lur artifizialtzen dira azpiegitura edo hirigune berriak egiteko. Eusko Jaurlaritzak onartu du arazo bat dela hori, eta eteten saiatu behar dela, baina ez du zehaztu nola.Carlos garcia Ekologistak Martxan taldeko kidea
«Diagnostikoa orokorregia da,eta datuak zaharkituta daude»
I. PetxarromanDonostia
Ekologistek aurrerapen batzuk ikusi dituzte planean, baina gehiago nabarmendu dituzte haren «huts eta gabeziak».
Zer nolako balorazioa egiten duzu lurzoru kutsatuei buruzko plan berriaz?
Berandu badator ere,aurrerapausoa da. 2005eko Legean aipatzen ziren tresna batzuk zehazten ditu. Zehaztu da ere zer diru behar izango den, nahiz ez den aipatzen diru mekanismorik...
Hala ere, hutsuneak ere badituela esan duzue.
Bai, bakarrik industriak kutsatutako lurzoruak hartzen ditu aintzat. Alde batera utzi du zabortegien gaia, esaterako, nahiz eta onartu arazo handi bat dela. Ez da ezer zehatzik agintzen horretaz.
Kutsadura lausoa ere ez du aipatzen.
Bai, eta oso garrantzitsua da. Nekazaritzan gehiegi erabilitako produktu kimikoek eragindakoa, edota atmosferara isurtzen diren gas kutsagarriek eragiten dutena, fenomeno meteorologikoen bidez lurrera iristen direnak. Horretaz ez dakigu ezer.
Azterketa zer moduzkoa da?
Azterketa orokorregia da, eta ez da nahikoa. Datuen oinarria 1994 eta 1998 artean egindakoinbentarioa da. Beraz, datuak zaharkituta daude. Kalkulatzen da 7.898 lur hektareatan jarduera kutsatzaileak izan direla, edo badirela. Estimazio baten arabera, 1.279 edo 3.120 artean daude kutsatuta. Baina aldea handiegia da. Zehaztugabetasuna, orokortasuna eta anbiguotasuna handiegia da. Diagnostiko zehatz eta gaurkotua behar da.
Baina helburu batzuk aipatu ditu
Helburuak ere ez dira zehatzak. Oso orokorrak dira, estrategikoak, baina, esaterako, ez da esaten zenbat lur garbituko diren planaren denbora tarte horretan. Ingurumen Esparru Programara jo behar dugu horretarako. Hark dio 2012rako 440 hektarea lurzoru garbitu behar direla, eta hori gutxiegi da. Gainera, horietatik 407 hirigintza proiektuei lotuak dira. Naturguneetan, esaterako, bakarrik 35 hektarea garbituko lituzkete.
Lur berririk ez kutsatzeko nahiko babes neurririk zehazten al du planak?
Lurzoruaren Legeak lehen ez zeuden neurri zigortzaileak ditu, baina prebentzio politika ez da funtzionatzen ari. Jakina, ez da gertatuko 1950-60 hamarkadetako utzikeria historikorik, orduan noranahi botatzen baitziren kutsagarriak. Kontrol gehiago izango da, baina ez zaigu nahikoa iruditzen.
Lurraren artifizialtzea aipatzen du ere arazo gisa.
Baina ez du inolako politikarik zehazten horren inguruan. Gaur egun 1,2 lur hektarea ari da egunero artifizialtzen. Ingurumen Programa Markoak, lehen zirriborroan, kopuru hori 0,5era jaistea aipatu zuen. Azken bertsioan, baina, muga hori desagertu egin zen, eta helburu gisa aipatzen du 1,24 horretatik jaistea.
San Markostikur kutsagarriak itsasoratzen ari direla dio Aralarrek
erredakzioaDonostia
Aralarrek salaketa bat jarri du Gipuzkoako Probintzia Auzitegian, delitu ekologikoarengatik. Alderdi abertzaleak dio San Markosko zabortegiko lixibiatuak tratatzeko plantak ez duela behar bezala funtzionatzen, eta, ondorioz, substantzia kutsagarriak ari direla itsasoratzen.
Atzo, alderdiko ordezkariek prentsaurrean jakinarazi zutenez, salaketa iazko abenduaren 20an paratu zuten, frogatu zutelako lixibiatuak irteten zirela plantatik «behar bezalako tratamendurik gabe».
Aralarrek jakinarazi duenez, sektoreko teknikarien artean hainbat zurrumurru entzun zituzten gaiaren inguruan, eta horri helduta ekin zioten aztertzeari. Bi lagun joan ziren zabortegira, eta ikusi zuten lixibiatuak tratatzen dituen planta geratuta zegoela. Aztertzeko ur lagin bat hartu zuten handik.
Ur hori aztertu eta gero, Aralarrek azaldu du onartutako amonio kopurua 10 aldiz gainditzen duela, eta bost aldiz nitrogeno kopurua. Aralarrek salatu du ur kutsatu hori erreka baten ondotik eramaten dela Pasaiaraino. Han, hondakin uren hodietatik datorrenarekin nahastu, eta itsasora botatzen da Platako Itsasargiaren parean.
Aralarrek dio, lixibiatuak tratatzeko planta martxan denean, inguruetan amoniako usain handia sumatzen dela, eta, ongi funtzionatzen ez duen seinale.
Aralarrek honako hauek izendatu ditu gertaeren arduradun: Luis Mari Oiarbide Gipuzkoako Garapen Iraunkorreko diputatua, Miguel Buen Errenteriako alkate ohia eta Juan Carlos Merino egungo alkatea.