Michele Alliot-Marie Frantziako Justizia ministro ohi eta Donibane Lohizuneko (Lapurdi) kontseilariak Lapurdiko abiadura handiko trenaren (AHT) ibilbidea aldatzeko presioa egin duela jakinarazi du Philippe Etxeberrik, EA eta Europe Ecologie taldeek osatzen duten Amalur koalizioko hautagaiak. Etxeberriren arabera, presio horren xedea da Donibane Lohizuneko Xantako auzoan prestatzen ari diren Errota Zahar luxuzko etxegintza xedea babestea. Frantzian tren azpiegiturak kudeatzen dituen erakundeak, RFFk, onartu du ibilbidea 200 metro aldatzea, eskariari ihardetsiz.
Errota Zahar xedea zazpi hektareatan hedatzen da. Abantzu 11.000 metro koadro eraikitzeko modukoak dira, eta bertan luxuzko 28 etxe eraiki nahi dituzte. Dagoeneko moztu dituzte haritz zaharrak, eta prestatu zelaiak eta bidexkak. Hesiz inguraturik dago eremua, eta bideo bidezko zaindaritza sistema ere jarrita daukate. Eraikuntza lanak ez dira hasi, ordea. Etxeberriren iritziz, espekulazioaren ondorio da egoera hori. Izan ere, luxuzko etxeak eraikitzeko baliatuko dira orube horiek, baina tokian berean ez dago salmentaren aztarnarik. Kapitala osatu dute Lapurdiko bost sustatzaile ezagunek, batetik, eta, bertze alde batetik, Briar Holdings Herbehereetako enpresak. Antilletan du egoitza. «Paradisu fiskal batean du egoitza. Ezin dugu jakin nor dagoen xede horren gibelean», erran du Etxeberrik. RFFk ihardestea adierazgarritzat jo du.
Luxuzko etxeak babesteagatik AHTaren bidea aldatzea salatu du Amalurrek
Dioenez, Alliot-Mariek presioa egin du Donibane Lohizuneko Errota Zahar eremua ibilbidetik at uzteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu