Iragan ostegunean osatu zen Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko administrazio kontseilua, eta bertan ordezkari bat izango du Gipuzkoa Zero Zabor Elkarteak. Ainhoa Arrozpide elkarteko lehendakaria izango da ordezkaria, eta eredu jakin bat inposatzearen inguruan, hondakinen gaineko eztabaida gizarteratu nahi du. Arrozpidek eta Mikel Ikatzategi elkarteko kideak erantzun dituzte BERRIAk eginiko galderak.
Partzuergoko kide izango zarete aurrerantzean. Zer ekarpen egingo du GZZk bertan?
AINHOA ARROZPIDE: Pozik jaso genuen GHKn kontseilaria izateko gonbidapena, eta parte hartzea erabaki genuen; betiere, hondakinen gaia aztertuko den gune guztietan egon behar dugu, jakinik ez dela gure lehentasunezko gunea. Uste dugu erakunde horretan azken legegintzaldian hartu diren erabaki bidegabeak zuzentzeko aukera egon daitekeela. Oraindik ez dugu erabaki zein proposamen eramango ditugun, baina beti izango dira gipuzkoarren osasuna, ingurumena eta ekonomia lehenetsiko dituztenak. Gainera, GHKn hartzen diren erabakiak gizarteari jakinaraztea da beste lehentasuna.
MIKEL IKATZATEGI: Orain arte hartu diren erabakiak errausketaren lobby-en interesei erantzuten dietela ikusten dugu, eta guk zaindu nahi dugu hori gerta ez dadin, eta herritarren ongizatea izan dadin lehenetsiko dena.
Zeintzuk dira, zuen ustez, datozen lau urteetan dituen erronkak?
A.A.: Luze gabeko erronka nagusia errauste planta ez eraikitzea izango litzateke, GHKko estatutuetan jasotzen baita haren helburu nagusia errauste planta martxan jartzea dela. Helburu hori aldatu egin beharko luke GHKk, eta Gipuzkoan %80tik gorako gaikako bilketetatik eratorritako hondakinak eta errefusa tratatzeko azpiegitura egokiak eskaini.
M.I.: Egin diren proiektuak anbiziorik gabe eta sekulako utzikeriarekin egindakoak izan direla uste dugu; hondakinen kudeaketan Gipuzkoan gaur egun izaten diren emaitzak hartu dituzte oinarritzat, eta emaitza horiek oso eskasak dira. Gaikako bilketaren emaitzak %40 gainditzen du, baina etxeko hondakinena ez da %25era iristen. Munduan zehar badaude praktikan jarritako ereduak: San Frantziskon, ia milioi bat biztanleko hiri batean, hondakinen %77a gaika biltzen dute; Flandrian, 6 miloi biztanleko herrialdean, %75 biltzen da gaika, eta zabor murrizketan eragiteko plan bat du. Beraz, Gipuzkoa, dituen emaitzekin, halako proiektu batean sartzea utzikeria dela uste dugu.
Zehazki, zer da Zero Zabor, eta zer neurri proposatzen dituzue helburu horretara iristeko?
M.I.: Zero Zaborraz hitz egiterakoan, gaur egungo ereduari begiratu behar diogu. Dugunari eredu lineala deitzen zaio: lerro zuzenean, ustiatu, kontsumitu eta bota egiten da. Gaur egun zabortegira doaz hondakin horiek, kutsatu egiten dute, eta kaltegarria da. Errauste plantak ez du eredu hori aldatzen, zabortegiaren ordez materialak erraustu egiten baititu, eta zabor toxikoagoa ateratzen du. Heren batera murrizten du zaborra, baina toxikotasuna handitzen du. Zero Zaborrek, aldiz, eredu lineala zirkular batekin aldatzen du; materialak berreskuratu, birziklatu, eta produktu berriak ekoizteko erabiltzen da. Hala, naturaren ustiapena, zabor pilaketa eta kutsadura gutxitzen dira. Gainera, zirkulu hori txikitu behar da, ahalik eta material gutxien erabili.
Zero Zabor zer den ulertzeko, esperimentu txiki bat proposatu ohi dugu; astebetean, etxean bereiz daitezkeen hondakin guztiak bereiztea. Beira, plastikoa eta paperaz gain, baita organikoa ere, eta gelditzen denari erreparatzea.
Gipuzkoan atez ateko bilketa egiten duten herrietan ere, %20 eta %10 arteko zati bat ezin da berreskuratu. Zer egin beharko litzateke hondakin horiekin?
M.I.: Garrantzitsua da gaikako bilketa kopuruaz hitz egitea, baina hori bezain garrantzitsua da gelditzen den zaborraren izaerari erreparatzea, ia etxeko hautsa baino ez zaigulako zabor gisa geratuko. Gelditzen den hondar horretarako, badaude tratamenduak hori egonkortzeko, bizigabe bihurtzeko. Errefusategi bat beharko genuke, bizigabeen zabortegi modukoa, baina horrek ez du kiratsik, lixibaturik ezta gasik botatzen.
A.A.: Errefusaren karakterizazioa egin eta ikerketa lerro bat martxan jarri. Produktu bat ezin bada berrerabili, konpondu, birziklatu edo konpostatu, birdiseinatu egin behar da edo sistematik kanpo utzi.
Orain hiru zabortegi daude Gipuzkoan zabalik, baina bi urte barru ixtekoak dira. Zer gertatuko da ordurako errauste plantarik eraiki ez bada, eta oraingo zabortegiak gainezka badaude?
A.A.: Hondakinen arazoa konpontzeak zabortegiak ixtea eskatzen du, ahal bezain laster, gainera. Ezin da onartu baliabideak usteltzen eta bizilagunei arazoak sortzen edukitzea. Lehenbailehen jarri behar dira abian hondakin organiko guztia gaika biltzeko gai diren sistemak. Baina hori ez da egiten arazoa ondoko herrira aldatuz, arazoa konponduz baizik. Ez dakigu zein epetan itxi daitezkeen, zein ahalmen edo biziraupen duten, baina uler liteke bi urteko epe hori errauste planta egin nahi dutenek eginiko aurreikuspena dela. Ez dugu daturik aurreikuspen horiek egokiak diren ziurtatzeko.
M.I.: Gainera, argi esan beharra dago hori guztia borondate politikoaren baitan dagoela. Adostasuna balego eta zabortegiak ixtea balitz ardura nagusia, askoz azkarrago lortuko genuke hori gaikako bilketarekin, eraginkorrak diren sistemak ezarriz, errauste planta bat eraikiz baino.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du zehaztu, oraindik, errauste plantarekin zer egingo duen, nahiz eta Bilduk luzapen bat ematearen alde egin duen. Zer gertatuko dela uste duzue?
A.A.: Ez dakigu zer egin ahal izango duten, baina gizartearen eskaria luzapena da. Ezinbestekoa da atzerapena, gipuzkoarren osasuna, ingurumena eta ekonomia ez hondatzeko. Luzapena beharrezkoa da, ezagutzen ditugun esperientziei bide emateko. Hala ere, ez genuke ulertuko luzapena eman eta Gipuzkoa osorako zero zabor programa oso batbideratuko ez balitz. Batak bestea dakar.
Ainhoa Arrozpide eta Mikel Ikatzategi. Gipuzkoa Zero Zaborreko kideak
«Luzapena beharrezkoa da ezagutzen ditugun esperientziei bide emateko»
Hondakinen partzuergoko administrazio kontseiluan ordezkari bat du ostegunetik Gipuzkoa Zero Zabor elkarteak. Gogotsu egingo diote aurre erakundean lan egiteko erronkari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu