Lekandaoperazioa abiatu du Espainiako Guardia Zibilak Otxandion, Bizkaian. Hasieran zabaldu da hiru lagun atxilotu dituztela, baina Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi du lau direla operazioan atxilotutakoak. Gaztetxea miatu dute, eta han izan dituzte atxilotuetako hiru. Gaur, Guardia Zibilaren Madrilgo Tres Cantos komisariara eramango dituzte, eta espero da bihar deklaratzea epailearen aurrean.
Europa Press agentziak zabaldu duenez, 05:50ean hasi dute operazioa, eta bi gizonezko eta bi emakume dira atxilotuak: Miren Soloeta, Asier Duran Nieto, Aitor Uribe eta Amaiur Lopez de Lacalle. Hala Bedi irratiak jakinarazi duenez, Txagorritxuko erietxera eraman dute Lopez de Lacalle, eta habeas corpus-a eskatu du.
Uztailaren 25ean Luzia Urigoitia otxandiarrari eginiko omenaldi bat "antolatu, zuzendu eta koordinatzea" egotzita atzeman dituzte. Ehun bat lagunek hartu zuten parte omenaldi horretan. 1987ko uztailaren 27an hil zuen Guardia Zibilak Urigoitia, tiroz, Trintxerpen (Pasaia, Gipuzkoa) eginiko sarekada batean. Urigoitia ETAko kidea zela eta, hura omentzea "terrorismoa goratzea" delakoan atzeman dituzte.
Polizia operazioa salatzeko, elkarretaratzea egingo dute Otxandioko plazan, 19:00etan.
Tiroa, hurbiletik
El País egunkariaren garai hartako kronikaren arabera, autopsian frogatu zen lepoaren atzealdean pistola albo-alboan jarrita egin ziola tiro Guardia Zibilak, Donostian, Hernanin eta Pasaian egin zuen sarekada batean: "Joan den ostegun arratsaldean Donostiako hilerrian egindako autopsian frogatu du Donostia taldeko ustezko kideak zentimetro gutxira jaso zuela hil zuen tiroa. Balak eragindako zuloak errea zuen ingurua, albo-albotik egindako tiro baten adierazgarri, eta gaztearen ile arrastoak zituen".
Espainiako Gobernuak (PSOE) ez zuen hori gezurtatu. Are gehiago: lekukoen arabera, emakume batek oihukatu zuen: "Zer egin behar duzue?". Eta polizia batek behin baino gehiagotan esan zuen: "Ez egin hori".
Udal Erretratuen mapak jasoa
Eusko Jaurlaritzak orain bi aste abiatu zuen Udal Erretratuen maparen egitasmoan ere biktimen atalean ageri da Urigoitia, Pasaian. Otxandion jaioa zen (Bizkaia), eta 28 urte zituen hil zutenean. Jaurlaritzak bere txostenean jaso du su armen tiroek hil zutela, eta bitan egin ziotela tiro, horietako bat, burua zeharkatu ziona, pistola azalaren kontra zuela ia.
Autopsiaren informazioa ere jaso du txostenak. Honela dio, hitzez hitz: "Autopsiaren arabera, tiroetako bat bi arra baino gutxiagotik bota zioten, lepoaren alde batean. Donostiako Instrukzioko 2. epaitegiko epaile titularraren ustez, hildakoari 'bi unetan' egin zioten tiro, eta burua zeharkatu zion bala 'azala ia ukituz' bota zioten. 1987/07/25eko El Independiente-k, berriz, zalantzan jarri zuen 'Guardia zibil batzuen portaera, beren kabuz jarri baitute indarrean Ihes Legea, garondoan tiroa jota'. Gipuzkoako gobernadore zibilak adierazi zuenez, 'berme judizialak baino lehenagokoa da poliziaren eraginkortasuna'. Akusazioak egon ziren 'frogak faltsifikatu nahi izateagatik, bertsioa bat etor zedin ikerketaren emaitzekin', bai eta judizioz kanpoko esku hartze bat ere, bala zorro baten ordez beste bat jartzeko. 1997ko maiatzean, Justo Rodríguez epaileak argitara eman zuen 'CESIDen informazio ohar bat, orain desklasifikatua' (1997-05-13ko El Mundo eta El País). Zerbitzu sekretuen mikrofitxa batek zioenez, Guardia Zibileko kapitain bat (izena aipatzen da) 'epailearen etxean sartu eta jaurtigai baten ordez beste bat ipini zuen', eta 'balistika-laborategian kanoi bat ordezkatu eta balen aurkako txaleko bat manipulatu zen' (El País, 1999-09-11)".
Luzia #Urigoitia biktima gisa ageri da Jaurlaritzaren Udal Erretratuen mapan ere, Pasaian http://t.co/9kFXHMhytjpic.twitter.com/CbwUwGM500
— Berria.eus (@berria) September 15, 2015