Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburuak ibilbide luzea egin du ETB1en. BERRIAren papereko elkarrizketan sartu gabe geratu den galdera-erantzuna da hau.
Zer egingo zenuke EITBn?
Lehendabizi, EITBz hausnarketa sakon bat egin behar dela uste dut, ez kolpeka aritu. Uste dut ETBn telebista egitean beti Espainiari begiratu izan diogula, eta beti lehian harekin aritu izan garela. Bestetik, audientzia sistemari buelta handi bat eman behar zaio, Espainiakoa ez den neurketa sistema bat behar dugu, haren arabera funtzionatzen baitugu asko. Radio Euskadik eta Euskadi Irratian lortu dute komunikabide sinesgarriagoa egitea; beraz, batez ere gogoeta sakona telebistaz egin behar da. Udan BERRIArako Monica Terribasekin egon nintzenean, hark zioen telebista publikoa oso garestia dela eta, agian, kate bakarra egin beharko genukeela hemen: euskaraz eta gazteleraz. Nik zalantzak dauzkat, oraindik euskara oso ahul ikusten dudalako era horretako kate bat egiteko. Oso-oso erraza da, eta neure esperientziatik esaten dut, erdarara jotzea, segur aski gehienek gazteleraz pentsatzen dutelako, gehienetan Espainiari begiratzen diogulako eta gure abiapuntua hura delako... Bestetik, kate ugari dago gaur egun, eta ikuskizun aldetik ere gure telebista oso zurruna da. Beraz, nolako telebista nahi eta behar dugu hemendik 20 urtera?