Euskal presoak

Madril ere mugiarazteko elkartu dira

Azken urteetako manifestaziorik jendetsuena egin dute gaur Bilbon, Parisek presoak Euskal Herrira hurbiltzen hasiko dela iragarri duen egun berean.

Oihana Elduaien Uranga.
2018ko urtarrilaren 13a
19:55
Entzun

Euria goian-behean, aterki uholde bilakatu dira gaur Bilboko kaleak. Sarek antolatuta, espetxe politika aldatzeko eskatu dute milaka lagunek, Elkarrekin aurrera egiteko prest gaude lelopean. "Giza eskubideak, konponbidea eta bakea" eskatu dituzte. Parisek presoak Euskal Herritik gertu dauden kartzeletara mugitzeko asmoa iragarri duen egunean, Madrilera begira jarri dira denak. Eta bukaerako ekitaldian, Ipar Euskal Herrian egin duten gisako lana egiteko animatu dituzte herritarrak Kike Amonarrizek eta Bea Talegonek. "Estatuak ez dira bakarrik mugitzen, mugiarazi egin behar dira". Goretsi egin dute bakegileen lana, eta bereziki famatu gizarte zibilari eman dioten lekua. "Gizarte aktiboa behar dugu", esan dute.

Protagonismo berezia izan dute haur motxiladunek —senideren bat preso daukaten umeak— gaurko manifestazioan. Mirentxin furgoneten ostean, haiek joan dira, toki berezian, eta txalo zaparrada handiak entzun dituzte. Pankarta iritsi aurretik ere Autonomia kalea oso-osorik betea izan duten manifestariek jotako txaloak ziren.

Izan ere, gaur ere bete da azken urteetako manifestazioetako ohitura: jendea pankartaren aurretik pilatu da, hark egin behar zuen ibilbidean, eta pankartari itxaron dio, aurretik pasatu ostean manifestaziora batzeko. Haiek guztiek, kantuz, oihuz eta txaloz egin dute bidea, aterkipean.

Senideen atzetik joan den pankartan ziren, besteak beste, Nahikari Otaegi preso ohia eta haur motxiladun izan ziren biren ama; Peru del Hoyo uztailean Badajozko (Espainia) espetxean hil zen Kepa del Hoyo presoaren semea; Anaiz Funosas Bake Bideko presidentea; Kirmen Uribe idazlea eta Bea Talegon PSOEko zuzendaritzako kide ohia.

Frantzia presoak Euskal Herrira gerturatzen hasiko dela jakin den egun berean egin da manifestazioa, eta nabaria izan da iragarpen horrek eragindako indarra. Gainera, Espainiara begira jarri ditu gehienak, eta hark ere bide berari jarraitu behar liokeela eskatu dute eragileek.

Iparraldean sindikatuek, alderdiek eta gizarte zibilak egindako elkarlana eredugarria dela azpimarratu du Arnaldo Otegi EH Bilduko bozeramaileak, eta dei egin du hegoaldean halako ildo bat martxan jartzeko. Bide horretan hitz egin du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak ere: "2018ak urte erabakigarria izan behar du. Adostasuna dago preso eriak kaleratzeko, eta sakabanaketa amaitzeko. Gehiengo zabalak adostasun horiek bultzatzea da jarraitu beharreko bidea". Jaurlaritzan jarri du begirada ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek: "Bide bat ireki da, eta espero dugu Espainian ere irekitzea. Eusko Jaurlaritzak baldintza hori jarri behar du".

Urtzi Errazkin Etxerat-eko kideak esan du espero duela aurtengoa "salbuespen legeak izango dituen azken urtea" izatea, eta ohartarazi du horretarako lanean jarraituko dutela. Joseba Azkarraga eta Bego Atxa Sareko bozeramaileek ere esan dute "presazkoa" dela presoen auzia konpontzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.