Madrilek aurre egingo die «legez kanpoko» herritarrak hartzen dituzten zerrendei

Sortu legeztatzea garaiz erabakitzen ez bada «erregistroa berandu egin zutenen errua» izango dela esan du Ramon JauregikBake garaia «dagoeneko» hasi dela adierazi du Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak

jokin sagarzazu
2011ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
«Legez kanporatutako munduarekin» lotura duten herritarrak hartzen dituzten alderdi politikoen hauteskunde zerrendak inpugnatuko ditu Espainiako Gobernuak. Hala adierazi du Ramon Jauregi Gobernuko Presidentetza ministroak Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean. «Alderdi horien zerrendetan legez kanpoko mundutik datozen pertsonak daudela argi eta garbi ikusten badu gobernuak, zerrenda horiek inpugnatuko ditu», esan du, Sortu legeztatu ez eta EA edo Alternatibaren zerrendetan ezker abertzaleko kiderik azalduko balitz galdetuta.

«Ez litzateke lehenengo aldia izango», gaineratu du, halaber, ministro espainiarrak, duela lau urte legezkoa zen EAE-ANVren zerrendekin gertatu zena gogora ekarriz, eta ohartarazi du aurtengo bozetan ere hori bera gerta daitekeela. «Jurisprudentziak dio legezkoak diren siglak zein hautesle elkarteak ezin direla legez kanpoko alderdi baten estalkia izan. Hori ematen bada, eta Poliziaren txostenek hori berretsiko balute, zerrenda horiek auzitegien aurrean inpugnatuko lirateke».

Aukera hori aztertu aurretik, baina, Jauregik nabarmendu du Sorturen erregistroaren auzia «lehenbailehen argitzea» nahi duela Espainiako Gobernuak. Baina gogorarazi du Auzitegi Gorenaren erabakiari Konstituzionalean helegitea jarri ahal zaiola. «Auzia garaiz erabakitzen ez bada, ez da epaileen errua izango, baizik eta erregistroa berandu egin zutenena», adierazi du.

Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak oraindik ez dute Sortu legez kanpo uzteko eskaerarik egin Auzitegi Goreneko 61eko salan. Auzitegi Gorenak inpugnazio eskaera jaso eta onartzen duenean, aldeei bost eguneko epea emango die alegazioak aurkezteko. Jakinarazpenak eta alegazioak bideratuta, epe zehatzik gabe, auzi saio bat egin beharko du, alde bakoitzak bere alegazioen defentsa egiteko, eta gero erabakia hartu. Udal eta foru hauteskundeak maiatzaren 22an badira, tramite hori martxoaren 29tik apirilaren 6ra bitartean bete beharko da. Carlos Divar Auzitegi Goreneko presidenteak herenegun adierazi zuenez, hauteskundeen aurretik emango du auzitegiak Sorturi buruzko erabakia.

Hauteskunde zerrendak, berriz, hauteskundeetarako deialdia egin eta 15. egunetik 21. egunera bitartean —apirilaren 13tik 18ra— aurkeztu behar dituzte alderdiek, koalizioek eta hautesle elkarteek. Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak inpugnatu ahal dituzte zerrenda horiek, eta Auzitegi Gorenari eskatu baliogabetzeko.

Ezker abertzaleak bide baketsuen eta demokratikoen alde egin duen apustua «sinesgarria» dela uste duen arren, Ramon Jauregik oso bestelako ustea du ETAren jarrerarekiko. «Etapa desberdin batean gaudela eta amaiera gertu dagoela sinetsi nahi dut, baina ez nago seguru. Nahikoa eszeptikoa naiz ETAren desagerpenaren inguruan. Bizirik jarraitzeko asmoa ere ikusten diot», adierazi du.

«Hausturaren» inguruan

Jesus Egiguren PSE-EEren presidenteak, berriz, uste du bake garaia «dagoeneko» hasi dela. «Bakea beldurrik, mehatxurik eta atentaturik gabe bizitzea da, eta garai hori hasi da Euskadin».

Haren esanetan, egoera berriaren arrazoi nagusiena da ezker abertzaleak «terrorismoa eta politika uztartzen» zituela lehen, eta orain, «lege batzuei, Poliziari, justiziari, presioari eta gizartearen gaitzespenari esker» hori ezinezkoa dela ohartu dela.

Antzeko hitzak izan ditu Iñigo Lamarca Araba, Bizkai eta Gipuzkoako arartekoak. Hark uste du Sortuk legezkoa izan behar duela, bere estatutuetan «behin eta berriz eta modu argian» errefusatzen duelako ETAren indarkeria. Egunkariei bidalitako iritzi artikulu batean —BERRIAko iritzi sailean irakur daiteke, gaur—, Lamarcak dio ezker abertzaleak ETAren indarkeria errefusatu izanaren ondorioz aurretik beste alderdi batzuk legez kanpo uzteko erabili den argudio nagusiak pisua galdu duela, «desaktibatu» egin dela.

Txelui Moreno ezker abertzaleko kideak, berriz, Info7 irratian eginiko elkarrizketa batean nabarmendu du Sortu legeztatzea «euskal gizartearen» eskari bat dela. Era berean, Morenok adierazi du «Espainiako eskuinak» diola beldur gehien Sortu legeztatzeari. Uste du hori eragozteko sektore horrek «armamentu guztia» aterako duela kalera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.