ETAren su-etena. Erreakzioak

«Madrilek badaki ETAk hartu duen erabakia garrantzi handikoa dela»

Ezker abertzalearen aburuz, Espainiako Gobernuak jendaurrean dioenak ez du zerikusirik pribatuan onartu duenarekinZiur da maiatzeko bozetan egongo dela eta «oso-oso emaitza onak» lortuko dituela

Agurne Barruso, Niko Moreno, Marian Beitialarrangoitia, Txelui Moreno, Marine Pueyo, Tasio Erkizia eta Miren Legorburu, ezker abertzaleak atzo emandako prentsaurrekoan. JON HERNAEZ / ARP.
Koldo Aldabe.
2011ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
ETAk iragarritako su-eten orokor, iraunkor eta egiaztagarriari eta bakerako eta konponbide demokratikorako erakutsitako«konpromisoari» buruz Espainiako Gobernuak adierazi duenak ez du zerikusirik «pribatuan» pentsatzen duenarekin, ezker abertzaleak atzo azaldu zuenez. Hedabide eta kazetari andanaren aurrean eginiko agerraldi batean, erakunde armatuak astelehenean ezagutarazitako erabakiak eragindako erreakzioak aztertu zituen ezker abertzaleak, eta banan-banan aletu zituen aldeek esandakoa.

Marian Beitialarrangoitia, Txelui Moreno, AgurneBarruso, Marine Pueyo, Miren Legorburu, Tasio Erkizia eta Niko Moreno agertu ziren prentsaren aurrera, baina lehenbiziko biek hartu zuten hitza, Beitialarrangoitiak euskaraz eta Morenok gaztelaniaz.

Espainiako Gobernuaren jarrera azaldu zuten lehenbizi, eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren kabineteak bi jarrera dituela esplikatu zuten. Pribatuan «sakontasun eta garrantzi handiko erabakia dela jakitun da», Beitialarrangoitiak esan zuenez, baina jendaurrean, «adierazpenaren edukia azkar amortizatzearren, pilota ezker abertzalearen teilatuan mantentzen saiatzen ari da».

Ezker abertzalearen ustez, Madril eta PP su-etenaren azterketa «objektibo eta erreal» bat egiteko «beldur» dira, eta Espainiako iritzi publikoari «ETAren adierazpenaren dimentsioa lapurtu» nahi izan diote, eta horrekin batera, «behin betiko konponbide prozesuari ekiteko adierazpenak duen balioa ukatu diote».

«EAJk etsipena sortu digu»

Ezkortasuna eragin dion beste iritzi bat EAJrena izan dela aitortu zuen ezker abertzaleak. «Iñigo Urkulluk su-etenari buruz egindako azterketak etsipena sortu digu», adierazi zuen Beitialarrangoitiak. Haren azterketa «oso desorekatua» izan dela uste du, eta «soilik ezker abertzalearentzat mintzatu beharrean», EBBko lehendakariak Espainiako Gobernuari «exijentzia maila» asko igo beharko liokeela iritzi dio, bereziki Alderdien Legeari eta kartzela politikari dagokienez. «Une historiko honetan» EAJk «immobilismoa elikatzen dutenei» —Espainiako Gobernuari— babesa emateari utzi beharko liokeela uste du ezker abertzaleak.

Ezker abertzaleak txalotu egin zituen, berriz, Espainiako Estatuz kanpotik iritsitako iritziak, «maila eta perspektiba handikoak» izan direlako. Halaber, nazioarteko komunitatearekin elkarlanean aritzeko eta laguntzeko prest ere agertu zen.

Gernikako Akordioaren sinatzaile diren alderdi, sindikatu eta gizarte eragileek plazaratutako azterketa bateratua ere positiboa dela esan zuen ezker abertzaleak, eta akordio horretan indar horrek hartu dituen konpromiso guztiak betetzeko erabakimena berretsi zuen.

Egoera berrian, bake eta konponbide demokratikorako jokaleku bat eraikitzeko «atzeraezinezko konpromisoa» ere berretsi zuen ezker abertzaleak. «Borroka demokratikoaren bidez bakea eta konponbide politikoa lortzen saiatzeko euskal gizartearekiko eta nazioartearekiko gure leialtasuna azken muturreraino eramango dugu», esan zuen.

Alderdi berriaz

Azken prentsaurrekoan bezala, baina aspaldi ez bezala, galde-erantzuneko tartea ere zabaldu zuen ezker abertzaleak, eta urtarril amaieran erregistratuko duen alderdi berriaz izan ziren itaun gehienak, legeztatzearen gainekoak zehazki. Horri buruz, Txelui Morenok esan zuen ziur dela datorren maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan ezker abertzaleak parte hartuko duela eta «oso-oso emaitza onak» izango dituela.

Dena den, bereizi egin nahi izan zituen alderdi berria eta ETAren agiria, lehena, Morenok esan zuenez, ez dagoelako bigarrenarekin baldintzatua. «Zutik Euskal Herria dokumentuan eta Iruñean azaroan egin genuen agerraldian esan genuen gure erabakia ez zegoela baldintzatua hirugarren baten erabakiarekin». Gainera, azken urtean aldaketa asko egin direla esan zuen, eta urrats asko egin direla konponbiderako.

Beitialarrangoitiak gaineratu zuen gustuko ez izan arren Alderdien Legea beteko dutela aurkeztuko dituzten estatutuek, eta legea beteta, legezkoa egitea beste biderik ez dagoela. «Ala batzuei legea betetzeaz gain gauza gehiago exijitu behar zaie?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.