Auzitegira jo aurreko tramitea izan da Espainiako Gobernuaren ezezkoa. LOMCE legea bera ez ezik, haren ondoriozko curriculum dekretuak ere auzitara eramateko asmoa agertu du Eusko Jaurlaritzak. Horren aurretik, baina, gaitegia aldatzeko eskaria egin zion Espainiako Hezkuntza Ministerioari. Eztez esan dio hark.
Gasteizko gobernuaren argudioa zen zehaztuegia dela Jose Ignacio Wert ministroak taxututako curriculuma: edukiak zehatz-zehatz daudela, ebaluazio irizpideak ere bai, hizkuntza koofizialetan sartu duela eskua... Horrenbestez, EAJren gobernuak uste du Madrilek urratu egin dituela Eusko Jaurlaritzak hezkuntzaren alorrean dauzkan eskumenak.
Ez dator horrekin bat PPren gobernua. Ministroen kontseiluan testu bat onartu du gaur, esanez erkidegoek aukera badutela edukiak osatzeko —"gutxienekoa" ezarri duela dio Wertek, nahiz eta oraingo gaitegia baino askoz ere zehaztuagoa egin duen—, ebaluazioetan zeresana izango dutela erkidegoek, eta hizkuntzetan gaztelaniaren eta euskararen "parekotasuna" bermatu nahi izan duela.