Koska bat gehiago zabaldu da Hego Euskal Herrian hirugarren dosia hartzen ahalko dutenen adin taldea. Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak eta erkidegoek batzarra izan dute gaur, eta oniritzia eman diote 40 urtetik gorakoak hirugarrenez txertatzeari. Orain arte, soilik 60 urtetik gorakoentzat eta Janssen txertoaren dosia hartutakoentzat zegoen onartua hirugarren zizta jartzea Hegoaldean.
Edonola ere, adin muga 40 urteko langara apaldu arren, Osasun Publikoko Batzordeak galdegin du adinaren arabera zehaztu daitezela lehentasunak, hau da, txertaketa kanpainaren ordena: 50 eta 59 urte artekoekin has daitezen nahi du batzordeak. Behin horiek txertatuta, zaharrenetatik hasi, eta, apurka, gazteagoak ziztatzea nahi dute. Halaber, oroitarazi dute oraindik badirela txerto bakar bat ere hartu ez dutenak; 12 urteren bueltakoak, esaterako. Horien txertaketa lehenetsi dadila eskatu dute, baita arreta pertsona zaurgarrietara zuzentzea ere.
AstraZenecarekin txertatuei, ere bai
Halaber, beste erabaki bat ere hartu dute Osasun Ministerioak eta erkidegoek: COVID-19aren kontrako txertoaren hirugarren zizta emanen diete 60 urtetik behera izan eta aurretik hartutako bi dosiak AstraZeneca botika etxearenak dituztenei. Talde horretan direnak osasun langileak edo premiazko zerbitzuetan lanean dihardutenak dira batik bat. Horien guztien kasuan, bigarren dosia hartu eta hiru hilabeteko tartea igarotakoan hasten ahalko dira hirugarren dosia hartzen.