Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako proiektuei buruz Espainiako Sustapen Ministerioak zein asmo dituen ezagutu nahi du Eusko Jaurlaritzak. Iñaki Arriola Garraio sailburuak karta bat bidali dio Ana Pastor Sustapen ministro berriari, eta bilera bat egiteko eskatu dio. Zehazki, AHT abiadura handiko trenaren obrekin Espainiako Gobernuak etorkizunean zer egiteko asmoa duen jakin nahi du Arriolak: «Espainiak duen proiekturik garrantzitsuenetako bat da abiadura handiko trenarena».
Ana Pastorren iragan astean hartu zuen Sustapen ministroaren kargua, eta Arriolak astelehenean igorri zuen gutuna. Oraindik ez du Sustapen Ministerioaren erantzunik jaso.
Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren arteko elkarlana «funtsezkoa» da, Arriolaren esanetan, abiadura handiko tren egitasmoaren «tamaina eta garrantzia» kontuan hartuta. Baina Madrilek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egitekoak dituen beste egitasmo batzuei buruz ere hitz egin nahi duela erantsi du Jaurlaritzako Garraio sailburuak.
Ana Pastorrek Jaurlaritzaren gutunari ez dio erantzun artean, eta jendaurrean ere ez du argitu tren lasterraren inguruan PPk hartuko duen jarrera. Frantzia AHT proiektu berriak izoztear da, eta Portugalek ere proiektu horietan murrizketak egin ditu. Aurrekontuak estutu eta defizitak estaltzeko, zenbait gobernuk tren lasterrari egin nahi dizkiote murrizketak. Alde horretatik, adierazkorra da Ana Pastorrek ministro kargua hartzerakoan adierazitakoa, ministerioarentzat «aurrekontuaren egonkortasuna» izango dela lehentasuna, alegia: «Hori izango da ministerio honen printzipio nagusia: ez dugu gastatuko ez daukaguna».
Baina, aldi berean, Sustapen Ministerioak zer funtzio duen ere seinalatu zuen Ana Pastorrek: «Ekonomia berpizteko, gure nazioaren kohesioa indartzeko, Espainia egituratzeko, eta azpiegiturek espainiar guztiei aukera gehiago emateko pizgarri bat izatea». Rafael Catala Polo Espainiako Azpiegitura eta Planifikazio zuzendari berriak, gainera, zehaztu du «ahalegin guztiak» egingo direla Sustapen Ministerioaren jarduera ildo guztiei eusteko.
Bihar biltzekoa da Espainiako ministro kontseilua, eta bileran murrizketak aztergai izango dituztela iragarri dute. 16.500 milioi euroko murrizketa egin behar dela iragarri du Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak, eta datorren urtean egin behar dela, defizitari aurre egiteko. Oraindik ez du zehaztu, ordea, murrizketa horiek zein proiekturi egingo dizkien.
Madrilekin AHTaz hitz egin nahi du Jaurlaritzak
Jaurlaritzako Garraio sailburuak Espainiako sustapen ministerio berriaren asmoak ezagutu nahi ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu