Madrilen zehaztuko dituzte oinarrizko osasun zerbitzuak

Berrordainketa sistema «bidezkoa» jartzekotan da Madrilgo gobernua: sendagaiak errentaren arabera pagatzea nahi du

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak erabakiko du zein diren oinarrizko osasun zerbitzuak eta zein ez. «Berriro zehaztu beharra dago zerrenda hori», adierazi du Cristobal Montoro Administrazio Publikoetako ministroak. Orain «gehiegikeriak» egiten direla nabarmendu du; adibidetarako jarri ditu atzerritik Espainiara osasun zerbitzuengatik joaten direnak eta botikekin izaten diren gehiegikeriak. Sistemari eusteko horrelakoak saihestu egin behar direla nabarmendu du ministroak. Autonomia erkidegoen eskumena da osasuna, eta haiekin bilera bat egitekoa du hurrengo astean Ana Mato Osasun ministroak. Hala ere, Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak aurreratu du murrizketek ez dutela eragingo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: «Ez ditugu ezarriko».

Berrordainketa jartzeko aukerari atea zabaldu dio Madrilek. Herenegun, Luis de Guindos Ekonomia ministroak aipatu zuen errenta handia dutenei kobratu beharko litzaiekeela osasun zerbitzuengatik; egun hartan bertan, hori baztertu egin zuen PPk, baina atzera berriro atea ireki du Osasun Ministerioak. Botiketan jarri nahi du berrordainketa: zenbateko errenta den, sendagaiak horren arabera pagatzea nahi du. Ministerioak uste du sistema «bidezkoagoa» dela hori, eta gogorarazi du gaur egun ere dirua pagatzen dutela botikak erosteagatik.

Murrizketak egitea ezinbestekoa dela defendatu du behin berritan De Guindosek: «Osasun publiko unibertsalaren etsai nagusiak murrizketak egiteari ezetz esaten diotenak dira». Ukatu egin du berrordainketaz egindako atzera-aurrerak koordinaziorik ezaren ondorio izan direla.

«Soluzio erraza»

Jaurlaritzak ez ditu bere egingo Madrilek nahi dituen murrizketak. Bengoa Osasun sailburuak hala esan du. Dirutza hori aurrezteko «mozketa handia» egin beharko litzatekeela ohartarazi du.

Zerbitzuak eskastera jotzea egotzi dio Bengoak Espainiako Gobernuari. «Gai konplexu bati oso soluzio erraza jarri nahi diote, baina osasun sistemak gero eta eskari handiagoa dauka eta botikak oso garestiak dira». Nolanahi ere, jakinarazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez duela eragingo neurriak. Hori esan du EAEko PPk ere. Anton Danborenea eledunaren hitzetan, «oinarrizko zerbitzuetan» ez dute eragingo mozketek. Nafarroako PPk ere hori uste du. UPNk azalpenak eskatu ditu, eta parlamentuko gainerako alderdiek aurka egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.