Madrili gutxieneko demokratikoak exijitu dizkio ezker abertzaleak

Patxi Lopezek Sortu legeztatzea nahi du, horrek «demokraziak irabazi duela esan nahiko lukeelako»

Erredakzioa
2011ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
«Independentziaren bidean aurrera egiteko, bide baketsu eta demokratikoen aldeko apustu argia egiten du ezker abertzaleak. Non dago bide baketsu eta demokratikoen aldeko Madrilen apustua?», galdetu dio ezker abertzaleak Espainiako Estatuari komunikabideetara igorritako prentsa ohar batean. Testu horretan, ezker abertzaleak gogoratu egin ditu bakea eta normalizazio politikoa lortzeko Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialekin batera egin dituen urratsak eta nazioarteko hainbat eragilek hartutako konpromisoak. Ekimen horiek, baina, erantzun gisa Espainiako Estatuaren «itxikeria politikoa eta jarrera erabat immobilista» jaso dutela salatu du. Horren ordez, ezker abertzalearen ustetan, «estatuari gutxieneko demokratikoen egoera bermatzea dagokio», eta hala eskatu dio.

ETAren jarrerari dagokionez, ezker abertzaleak dio urtarrilean argitara emandako agirian «Gernikako Akordioak exijitzen ziona» bete duela erakunde armatuak. Orain, bada, estatuari «Euskal Herriko gehiengo sozialak exijitzen diona betetzea» dagokiola nabarmendu du. Ezker abertzaleak aitortu du badakiela estatuak ez duela «lubaki politikoa» bere borondatez utziko; horregatik, euskal herritarrei eta eragileei «eskubide urraketarik gabeko egoera guztion artean eraikitzeko lanean jarraitzeko» eskatu die.

Estatuari leporatu dio, halaber,«borondate demokratikoa manipulatzea eta epaileak bere estrategia politikoaren zerbitzura jartzea». Horren harira, salatu du Alderdien Legea beste «tresna errepresibo bat» baino ez dela. Era berean aipatu ditu «torturaren erabilera nabarmena», Euskal Preso Politikoen Kolektiboari ezartzen zaion «espetxe politika kriminala» eta euskal gazte independentistei jazartzeko «Poliziak erabiltzen duen indarkeria».

Aste honetako «gertakariak» testuinguru horretan kokatu ditu ezker abertzaleak. Iruditzen zaio «agertoki berriaren aurrean estatuaren jarrera zein den» era argian erakusten dutela.

Hori hala, salatu du «blokeo egoeran» batzuk eroso daudela eta horrek justifikatzen duela «itxikeria politikoa». «Euskal Herrian sorturiko egoera politikoak eskatzen duen maila politikoa ematetik oso urrun daude Madrilgo gobernua eta haren akolitoak», ohartarazi du. Hala, honako mezu hau helarazi dio Espainiako Gobernuari: «Euskal Herrian dauzkan helburu politikoak lortzeko darabilen estrategian mehatxuak, torturak edota alderdien legez kanporatzeek lekurik ezin dutela izan onartu behar du».

«Argia ikustera behartu»

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, berriz, Sorturen legeztatzearen alde agertu da EFE albiste agentziari eskainitako elkarrizketa batean. Haren ustetan, legeztatze hori «demokraziak irabazi duen froga» izango litzateke. Alegia, epaileek legez kanpo utziko ez balute zuzenbide estatuak «argia ikustera» behartu dituela esan nahiko luke.

Lehendakariaren esanetan, epaitegiei dagokie Sortu ezker abertzalearen oinordekoa den edo ez eta legezko alderdia izango den edo ez erabakitzea. «Gainontzeko guztiok erabaki hori onartu beharko genuke, eta ez aurretik epaileei presio egitera jolastu», ohartarazi du.

Lopezek ez du uste ezker abertzaleak «argia berez ikusi» duenik. «Demokratok eta zuzenbide estatuak behartu ditugu argia ikustera». Horiek hala, ezker abertzalearekin «orain arteko jarrera edukitzeko» deia egin du, «haiek egin behar dituztelako etxerako lanak».

Aste honetan Gasteizen izaniko kale erasoen kontra Sorturen sustatzaileek eginiko gaitzespen adierazpena txalotu du Lopezek, baina ez zaio nahiko iruditu. «Aurrenekoz erantzunaren erdia jaso dugu, baina niri osoa izatea gustatuko litzaidake. Horrek esan nahiko luke indarkeriatik argi aldendu direla».

Argudio «eroak»

EAJk, berriz, orain arteko jarrerari eutsi dio eta Sortu legeztatzearen alde azaldu da. Sortu ez legeztatzeko Espainiako Estatuaren abokatuak eman dituen argudioak «erokeria hutsa» diela adierazi du Joseba Egibar EAJko GBBko presidenteak. «Astakeria bat da Sortu ETAren parte dela esatea ETAk Sorturen aurka- ko adierazpenik egin ez duela argudiatuta», azaldu du Egibarrek. Arrazoi hori Espainiako segurtasun indarren txostenetan agertzen diren «ergelkerietako bat besterik» ez dela gaineratu du.

Debabarreneko hautagaiak aurkezteko Eibarren eginiko ekitaldi batean egin ditu adierazpenok Egibarrek. Ekitaldi berean, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia ere Sortu legeztatzearen alde agertu da. Bakeak «lehentasun osoa» duela ziurtatu du hautagai jeltzaleak; horretarako, ezker abertzalearen legeztatzearen eta adiskidetzearen aldeko apustua egin behar dela gaineratu du.

Maiatzeko udal eta foru hauteskundeez ere hitz egin du Olanok. PPk eta PSE-EEk «fronte bat» osatzen dutela eta aurrerantzean ere elkarlan hori beste instituzio guztietara zabaltzen saiatuko direla adierazi duGipuzkoako ahaldun nagusiak. Horri aurre egiteko, elkarlanera deitu ditu «egoera hau onartzen ez duten guztiak». «Euskal Herriak herri estrategia bakarra behar du, eta hori alderdi politikoetatik haratago eraman behar dela uste dut», nabarmendu du Olanok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.