Hautagaiak aukeratzeko egungo sistema defendatu du Enrique Maia alkateak: "Zerrenden batzorde bat dago, eta hark 200 lagunez ostatutako kontseilu politiko bati egiten dio proposamena". Horrez gain, azaldu du Yolanda Barcinak zerrendaburu izateari uko egiteak ez duela inolako eraginik Maia bera Iruñeko alkatetzarako hautagai izateko erabakian.
Hautagaitzen inguruan ez du hitz egin, argudiatuta zerrenden batzordeko kide dela: "Egoera oso zailean nago; zerrenden batzordean nagoenez, esaten badut alkatetzarako hautagaia ni izango naizela, esango didate batzordean nagoenez beste bati lekua kentzen ari natzaiola". Edonola ere, argitu du batzorde horretako kideek ez dutela bateraezintasunik eta zerrendaburu izan daitezkeela udaletarako nahiz parlamenturako.
Barcinak UPNko zerrendaburu izateari uko egin ostean, izen dantza eta barne eztabaidak hasi dira UPN-n haren lekua betetzeko. Barcinaren inguruneak exijitu du zerrenden batzordeak izenda dezala hautagaia, han gehiengoa dutelako. Amelia Salanueva senatariak eta Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohiak, ordea, primarioak antolatzeko eskatu dute.