Maiak bestaren erdigunetik bota nahi izan dituela salatu du Herri Sanferminak taldeak

Iruñeko Udalak argudiatu du bizilagunei «enbarazu» egiten dietela, eta alde zaharretik Arrotxapera bidali ditu. Txosnarik ez jartzea erabaki dute

Herri Sanferminak plataformako kideak, atzo, Iruñeko O-ko Andre Maria plazan, aurtengo sanferminetarako prest zuten egitarauaren afixekin. IÑIGO URIZ / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2022ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Herri Sanferminak plataformak txosnak izan ditu Iruñeko alde zaharrean 2015etik. Haatik, Navarra Sumaren udal gobernuak erabaki du Arrotxapea auzoko Errotazar eremura bidaltzea. «Enrique Maiak eta bere taldeak festaren erdigunetik bazterrera itzularazi nahi ditu Herri Sanferminak», salatu zuen atzo plataformak. Haren arabera, alkateak ez die baimenik eman txosnak alde zaharrean jartzeko. Horregatik salatu zuten «ikusezin» bihurtu nahi dituztela. Hori ikusita, erabaki irmoa hartu dute: «Ez dugu txosnarik jarriko». Dena den, nabarmendu zuten ez direla desagertuko eta bestetan presente egongo direla. «Festak ospatzeko beste modu batzuk bilatuko ditugu».

Hilabete eskas falta da jaietarako, eta orain arteko antolaketa lan guztia bertan behera geratu dela adierazteko, programazioaren inguruko afixak eraman zituzten Iruñeko O-ko Andre Maria plazan egindako elkarretaratzera: «Hiriaren erdigunean adin guztietako herritarrendako egitarau oparoa genuen antolatua». Aro berria loratzen zuen izena.

2015ean Joseba Asironek alkate kargua hartu zuenetik, txosnak O-ko Andre Maria eta Errekoleten plazan izan dira presente. 2019an, Maiak hartu zuen aginte makila, baina urte hartan, funtsean, aurreko udalak antolatutako egitarauari eman zion segida. Ondorengo bi urteetan ez da bestarik izan, pandemiaren ondorioz.

Aurten, baina, Navarra Sumak bere arrastoa utzi du. Iruñeko Udalak apirilean esan zien Errotazarrera itzuli beharko zutela; hain zuzen ere, Arrotxapea auzora. «Beste aukerarik ez digute eman», gaitzetsi zuen plataformak, haserre. Halaber, udalekoen koherentziarik eza salatu zuten: «Argudiatu dute ez dela posible alde zaharrean egotea horrek bizilagunei enbarazu eginen liekeelako. Gazteluko plazan ezarriko diren barren kasuan, ordea, ez dirudi gauza bera uste dutenik».

Udalaren kudeaketa «traketsa» dela esan dute. Kontatu dutenez, abenduan egin zuten plazauzteko eskaera, eta apirilera arte ez zuten jaso erantzunik. Halaber, kideek salatu dute Sanferminen Mahaia «norabide bakarrekoa» izan dela. «Herritar guztiek gozatu eta deskantsatu ahal izanen duten festetan sinesten dugu, eta hori da gure apustua», esan dute plataformako kideek. Horretarako, proposatu zuten kontzertuen ordutegia gauerdiraino mugatzea, eta txosnen gunea, 01:00 arte. Gainera, beste leku batzuk proposatu zituzten, baina Iruñeko Udalak «ezezko borobila» eman die.

Herri Sanferminak taldeko kideek zazpi ardatz nagusiko besta eredua aldarrikatu dute: «Herrikoiak, parte hartzaileak, feministak, ekologistak, euskaldunak, antikapitalistak eta pluralak». Udalarentzat «traba» dela salatu dute, baina argitu dute lanean jarraituko dutela.

Geroa Bairen kritika

Geroa Baik gaitzetsi zuen Navarra Sumaren gobernuak «jarrera sektarioa» azaldu duela eta «Yolanda Barcinaren garaietara» itzuli nahi izan duela. «Sanferminetan txosnarik ez egoteak festetatik baztertzeko asmoa adierazten du». Udal taldeak «alde bakarreko erabakiak» hartzea egotzi dio Maia alkateari. Alde zaharretik txosnak kendu nahi dituela baina Gazteluko plazan hamar barra jartzeko asmoa duela gogorarazi zuen, «bizilagunak kontuan hartu gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.