Maiatzaren 21ean eta 23an epaituko dituzte Iruñeko istiluko lau gazteak

Desordena publiko terroristak leporatzen dizkie fiskaltzak, eta zazpina urteko espetxe zigorra eskatu du haientzat. Altsasuko auziko epaile berak egin du instrukzioa

Zortzi hilabetez espetxean izan diren Errenteriako hiru gazteei eginiko harrera, iazko azaroaren 7an. A. CANELLADA / FOKU.
jokin sagarzazu
Donostia
2018ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko 2. Sekzioak lau gazte epaituko ditu maiatzaren 21ean eta 23an, iazko martxoaren 11n manifestazio baten harira Iruñeko Alde Zaharrean izandako istilu batzuengatik. Fiskalak «desordena publiko terroristak» leporatzen dizkie: zazpina urteko espetxe zigorrak galdegin ditu, eta hamahiruna urterako inhabilitazioak eta 45.000 euroko isuna.

Auzipetuetako hiru dira Errenteriakoak (Gipuzkoa): Asier Petrirena, Ruben Iglesias eta Endika Etura. Istiluen egunean atxilotu zituzten, eta zortzi hilabete egin dituzte preso, Iruñeko espetxean. Baldintzapean aske daude iazko azarotik. Beasaingoa (Gipuzkoa) da beste auzipetua: Julen Prado. Denera hogei bat lagunek deklaratu dute instrukzio fasean.

Iazko martxoaren 11n, Errepresioari Autodefentsa dinamikak manifestazio batera deitu zuen Nafarroako hiriburuan, «herri eragileen aurkako eraso errepresiboak» salatzeko. Alde Zaharrean, istiluak izan ziren han zeuden gazte batzuen eta polizien artean. Lau pertsona atxilotu zituzten. Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegiko epaileak haietako hiru espetxeratu zituen, eta «terrorismo» delituak leporatuta, Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi zuen auziaren instrukzioa.

Carmen Lamelak egin du lanhori, Altsasuko auziko epaile berak. Beste horretan bezala, Nafarroako Lurralde Auzitegiak Espainiako Auzitegi Gorenari galdegin zion instrukzioa Iruñera ekartzea. Argudiatu zuen delituak desordena publikoen barruan sartzekoak direla, larriak izan arren, ez delitu terroristenean.

Gorenak ez zuen eskaera aintzat hartu, eta Auzitegi Nazionalaren alde egin zuen. Hori ebatzi zuten hiru epaileetatik bik hartu zuten erabaki bera Altsasuko auzian. Iruñeko kasuan, argudiatu zuten manifestazioaren ondorengo istiluek helburu zutela «hiritarren artean terrorea eta segurtasun falta sortzea», eta, zantzuei begiratuta, gertaera horiek eta auzipetuen jokamoldeak Zigor Kodeko 573. artikuluko terrorismo delituen artean sailka zitezkeela. Artikulu horretan oinarrituta epaitzen ari dira Altsasuko liskarreko zortzi gazteak Auzitegi Nazionalean. Horren arabera, ekintzen helburuek zehazten dute ekintza bat terrorista den ala ez.

«Kale borroka»

Iruñeko istiluekin loturiko gazteen abokatuek salatu dutenez, ez dira kontuan hartu berdintasun eta proportzionaltasun irizpideak. Azpimarratu dute fiskaltzak ez lukeela berdin jokatuko istiluak Espainiako tokiren batean gertatu izan balira. Fiskala —Altsasuko auziko bera: Jose Perals— «kale borrokaz» mintzo da akusazio idatzian, aurrez prestatutako istiluak izan zirela dio, eta ezker abertzalearen ildo ofizialaren kritikoek bultzatzen dutela Errepresioari Autodefentsa dinamika.

Gazteak babesteko Etorkizunaren Alde plataforma osatu dute, eta mobilizazioak egin dituzte. Errenteriako Udaleko talde denen babesa jaso dute, eta Eusko Legebiltzarrean EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EErena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.