HEZKUNTZA

Maiatzaren 9rako bi orduko lanuztera deitu dute Nafarroako hezkuntzan

Murrizketen eta PPren hezkuntza erreformaren aurka egingo dute protesta. Maiatz osorako egutegia adostu dute sindikatu gehienek. Espainian grebara deitua dute maiatzaren 9rako.

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko apirilaren 30a
14:41
Entzun

Bi orduko lanuztea egingo dute maiatzaren 9an, datorren asteko ostegunean, Nafarroako hezkuntzan. Sindikatu gehienek egin dute deia, elkarrekin: LABek, EILASek, CCOOk, CSIFek, ELAk eta UGTk. Hezkuntzan jasaten ari diren murrizketak eta Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreforma salatuko dituzte.

Maiatz osorako egutegia atondu dute, eta hilaren 9rako lanuztea dago tartean. Haur eta Lehen Hezkuntzan, arratsaldeko eskolak ez dituzte emango; DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan, lanaldiaren azken bi orduetan egingo dute lanuztea —eskola bakoitzaren ordutegiaren arabera, eguerdian edo bazkalondoan—. Egun horretan bertan, 18:00etan, manifestazioa egingo dute, Hezkuntza Departamenduaren egoitzatik abiatuta.

Maiatzaren 9ko lanuzteak bat egingo du Espainiako hezkuntzan deituta dagoen protestarekin. Sindikatuek azaldu dute zuzeneko loturarik ez dutela bi deialdiek, hilabete osorako egutegia dela Nafarroakoa. Ekainerako ere hasita daude protestak antolatzen; kasu horretan, behin-behinekoen lan baldintzak salatuko dituzte. Protestekin batera, eztabaida bat zabaldu nahi dute, Zer nolako Hezkuntza nahi dugu? Hezkuntza komunitate osoan eman behar den eztabaida leloarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.