Ohar batean, elkarteak nabarmendu du Europako Batasuna izango zen hasierako elkartea bultzatu zutenek «anbizio federala» zutela eta «itzalek eta egiteke dauden erronkek» ezin dutela ezkutatu EB «nazioz gaindiko integrazio bakarra dela une honetan, non herritarrek ongizate sozial eta ekonomikoarekiko, eta kalitate demokratikoarekiko eta bake, askatasun, segurtasun eta giza eskubideekiko errespetu handiagoa duten».
Federalistek eskatu dute «bide europar horretan jarraitzeko demokrazia, aniztasuna eta tolerantziaren defentsa, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, aniztasunarekiko eta gutxiengoekiko errespetua, justizia, elkartasuna eta jendearen ongizatea indartzeko». Gainera, beharrezkotzat jo dute «maila anitzeko gobernantzan oinarritutako batasun politikoa, tokiko, eskualdeko, estatuko eta Europako autonomia, leialtasuna eta lankidetza babestuko dituen kultura federalean oinarrituta, eta hori guztia estatu kideetako sistema konstituzionalen eta EBko Itunen esparruan kokatuta».
Elkarteak «gero eta federalizazio handiagoa» proposatu du: «Erreforma instituzionalak Parlamentua eta Kontseilua ganbera biko benetako sistema parlamentario bihurtu behar ditu, era federalean, haien arteko desoreka instituzionala gaindituz. Eta estatuetako parlamentuen parte-hartzea behar bezala antolatu behar da».
Edonola, zazpi hamarkadetan eginiko «aurrerapen hori ez da inoiz hain arrisku handian egon», elkartearen iritziz: «Atzera itzultzeak, burujabetza nazionalak indartzeak, ez dakar konponbiderik, arazoak larriagotzea baizik. Gure belaunaldiek bukatu gabeko lan horrekin jarraitu behar dute, integrazioa sendotuz».