Apirilaren 9an geratu zen aske Sara Majarenas Donostiako preso ohia. Haren alaba Izarrek jasandako eraso matxistak lehen planora eraman zuen Majarenas, eta, horrekin batera, beste hainbat ertz: espetxeko amatasuna, presoen sakabanaketa eta haur motxiladunen egoera, esaterako. Besteak beste, horien inguruan mintzatu da Majarenas BERRIAk bihar argitaratuko duen elkarrizketan.
Hilabeteotan Izarrekin Sara Etxera plataformak egin du kasuaren jarraipena, eta, datorren iganderako, ekitaldi bat antolatu du; plataformaren azkena. 12:00etan egingo dute, Intxaurrondoko Txaparrene pasealekuan: "Izar txikiak motxiladun ume izateari utzi diola ospatuko dugu, baina azken urte honetan bizi izan duen egoera gogorra ere salatuko dugu. Aldi berean, oraindik ere Euskal Herrian motxiladun ume asko daudela gogorarazi eta egoera honi amaiera jarri behar zaiola aldarrikatuko dugu".