Guardia zibilek indarrez biluzi, erabat biluzik zeukatela aulki batera igoarazi, alua eta uzkia baselinaz igurtzi eta makila bat sartuta bortxatu zutela kontatu du Beatriz Etxebarria gazte bilbotarrak. Bortxatu egin zutela esan dio Alfontso Zenon abokatuari, Soto del Real espetxean harekin egoteko aukera izan duenean. Baina ez dela hori izan guardia zibilek inkomunikatuta eduki duten bost egunetan jasan duen tortura bakarra. Arropa indarrez behin eta berriz kendu diotela kontatu du. Luzaro izan dutela biluzik, eta etengabe begiak estalita, eta biluzik zeukatela ur hotza bota ziotela goitik behera behin. Beste batzuetan eskuetara botatzen ziotela ura, eta elektrodoen soinua entzuten zuela jarraian. Buruan poltsa jarrita ia ito zutela ere kontatu du, eta jo egin zutela.
ETArekin lotura izatea egotzita Guardia Zibilak astearte goizaldean atxilotu zituenetako bat da Etxebarria. Lau bilbotar atxilotu eta inkomunikatu zituzten; bi bikote. Eta laurek salatu dute torturak jasan izana. Bikote izaera, gainera, torturatzeko baliabide gisa bereziki erabili dutela kontatu dute guztiek. Presio egiteko erabili dituztela bikotekideak. Horien inguruko mehatxuak etengabeak izateaz gain batak bestearen oihuak, negarrak, oka egiteak, kolpeak eta beste bertatik bertara entzuten zituztela azaldu dute. Oso gertu zituztela bata bestearengandik, bakoitzak bikotekidearen torturak ozen entzun zitzan.
Iñigo Zapirainek, Etxebarriaren bikotekideak, antsietate kolpeak eta bularreko min handia ere izan zituen bikotekidearen oihuak entzunda. Bikotekideari bezala, poltsa esaten zaion tortura jasan zuen. Poltsa buruan jarri eta estutu zioten, ia arnasarik gabe itotzeraino. Jo ere egin zuten.
Daniel Pastorri elektrodoak jartzearen imintzioak egin zizkioten, eta, haren abokatuak azaldu duenez, igandean Soto del Real espetxean harekin egoteko aukera izan zuenean, torturatuei deskarga elektrikoak emateko jarri ohi dizkieten enplastuek utzitako kola arrastoak zituen oraindik gorputzean.
Egiten ari zitzaizkienak eta neska-lagunari buruz egiten ari zitzaizkien mehatxuak ezin jasanda bere burua paretaren kontra jo zuela kontatu du Pastorrek. Birritan zauritu zuen bere burua, ospitalera eraman behar izateraino.
Lorena Lopezek Pastor mutil-lagunak bere burua nola zauritzen zuen eta ospitalera nola eramaten zuten entzun zuen. Mehatxatu egin dute Lopezek, baina jaso duen tratua ez da gainontzekoena bezain bortitza izan.
ELA, inkomunikazioaren aurka
Salaketen berri jakinda, inkomunikazio egoera desagertzeko eskatu du ELAk, atxilotuen «indefentsio egoera» amai dadin. Tortura salaketak ikertu eta ardurak argitu ditzatela ere eskatu du.
Bilgune Feministak gogor salatu ditu atxilotuek salatutako torturak, eta bereziki tortura sexistak eta sexu erasoak.
Torturak salatzeko, ostegunean Bilboko Plaza Eliptikoan 19:30ean mobilizaziora deitu dute.
Makila batekin bortxatu zutela esan du atxilotutako nesketako batek
Etxebarriak, Zapirainek eta Pastorrek tortura gogorrak salatu dituzte; asteartean atxilotu zituen Guardia Zibilak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu